Idiazabalgo Udaberrilekuetan izena emateko epea irekita
Apirilaren 14tik 25era antolatu dute aurten aisialdi zerbitzua. HH 3. mailatik LH 6. mailara arteko haur eta gazteei zuzenduta dago. Izen ematea martxoaren 28ra arte dago zabalik.

Aste Santuko oporraldirako Udaberrilekuak antolatu dituzte aurten ere Idiazabalen. Idiazabalgo Udalak antolatutako ekimena da Xapobixi aisialdi elkartearekin, Oin Herri herri hezitzailearekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean.
Aisialdi zerbitzua HH 3. mailatik LH 6. mailara arteko haur eta gazteei zuzenduta dago. Udaberrilekuak apirilaren 14tik 25era burutuko dira, goizeko ordutegian. Izena emateko epea aste honetan bertan zabaldu dute eta martxoaren 28ra arte egongo da zabalik. Idiazabalgo Udalaren web gunetik, online egin daiteke izen ematea, baita aurrez aurre liburutegira joanda ere.
Urtero bezala zerbitzuaz gozatzeko hiru aukera jarri dituzte:
- Apirilak 14, 15 eta 16: 12 euro (3 saio)
- Apirilak 22, 23, 24 eta 25: 16 euro (4 saio)
- Zazpi egunetan: 28 euro (7 saio)
Behin izena emanda, apirilaren 4ra arte egongo da baja emateko aukera; hortik aurrera ez da dirurik itzuliko.