Ataungo udalekuetan izena emateko epea zabalik
Ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitartean gauzatuko dira. Interesa dutenek, maiatzaren 5a baino lehen udaletxeko bulegoan aurkeztu beharko dituzte dokumentuak.

Ataungo Udalak udako oporraldian haur-zaintzako hezitzaile, udalekuetako zuzendari eta begirale zein praktikaldietako begirale gisa aritzeko lanpostuak iragarri ditu. Jarduera horiek, udalekuak, ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitartean gauzatuko dira.
Haur-zaintzako hezitzaile gisa aritzeko, euskarazko C1 maila edo baliokidea edukitzea derrigorrezkoa izango da, eta gainera Haur Hezkuntzako titulazioa edukitzea baloratuko da. Interesa dutenek udaletxeko bulegoetan edo erregistro elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dute curriculuma, maiatzaren 5a baino lehen.
Udaleku irekietarako, udalak zuzendari bat eta hainbat begirale ere kontratatuko ditu. Horretarako ere, C1 egiaztagiria izatea derrigorrezkoa da, eta zuzendari edo begirale titulu ofizialak izatea baloratuko dute, baita hezkuntza arloko ikasketak edukitzea edo bestelako ikastaro eta esperientziak izatea ere. Izena emateko eguna ere maiatzaren 5ean amaituko da.
Praktiketarako aukera
Aurtengoan, gainera, praktikak egiteko aukera izango dute herriko gazteenek, baina kasu honetan, gurasoen edo tutoreen baimena aurkeztu beharko da nahitaez, hau ere maiatzaren 5a baino lehen.