Herriko haur eta gazteentzako udako aisialdia prestatzen ari dira Itsason
Interesa dutenek maiatzaren 31ra arteko epea dute izena emateko. Begirale bat kontratatuko dute zerbitzua eskaini ahal izateko. Interesatuek maiatzaren 22a baino lehen aurkeztu behar dute eskaera.

Udako oporrei begira herriko gaztetxoentzako udaleku zerbitzua antolatzen hasita daude Itsason. Udalekuak izena ematen duten haur eta gazteen arabera antolatuko dira, eta doikuntzak egon daitezke ordutegiari edo bestelako xehetasunei dagokionean, egon daitezkeen beharren arabera.
Hasiera batean, udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 24ra egingo dituzte Itsason, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara; eta 4 eta 12 urte arteko haur eta gazteei zuzendutako egongo dira. Parte hartzaileren batek autobusa beharrezkoa balu, udalekuen ordutegiak autobus zerbitzuaren arabera antolatuko dituzte.
Irudimena eta sormena lantzeko jolasak, marrazketa, zeramika, antzerkia eta musika aurreikusi dituzte eskaintzaren baitan. Prezioak asteko eta familiako ondokoak dira:
- Haur bat: 15 euro
- Bi haur: 25 euro
- Hiru haur: 30 euro
Interesa dutenek maiatzaren 30a baino lehen eman behar dute izena 943 47 77 90 telefono zenbakira deituta edo udala@itsaso.eus helbide elektronikora mezu bat idatzita. Izena ematen dutenekin bilera bat egingo dute aurrerago.
Begiraleentzako deia
Udalekuak aurrera eraman ahal izateko, begirale bat kontratatuko dute Itsason. Interesa dutenek maiatzaren 22a baino lehen aurkeztu beharko dute eskaera (943 47 77 90an edo udala@itsaso.eus-en). Begiralea kontratatzerako orduan, Ezkio-Itsason erroldatuta egotea, euskara egoki menperatzea eta begirale ziurtagiria edo hezkuntza mailako ikasketak izatea baloratuko da.