Musika eskolako ikasleen kontzertuarekin hasiko da gaur Ekain Kulturala
Ekainaren 25era arte luzatuko da aurten. Berjaldegi auzoko jaia izango da larunbatean, eta Goierriko irakurleen VII. topaketa Joseba Sarrionaindiarekin, ekainaren 14an.

Gaur hasi eta ekainaren 25era arte luzatuko da aurten Ormaiztegiko Ekaina Kulturala egitasmoa. Askotariko kultur ekitaldiak antolatu dituzte herriko eta inguruko beste hainbat eragilerekin elkarlanean.
Zumarraga eta Urretxuko Secundino Esnaola musika eskolako ikasleen kontzertuak emango dio hasiera gaur, 18:00etan zikloari, plazako karpan.
Bihar, hirugarren urtez antolatu dute Berjaldegi auzoko festa. 12:00etan botako dute jai egunari hasiera emango dion txupina eta buruhandiak ibiliko dira auzoan. Toka txapelketa izango da goizean eta berrikuntza gisa, nahi duen guztiarentzako hamaiketako irekia Elustondo anai-arrebak girotuta. Auzo bazkaria 14:30ean izango da eta ondoren bingo irekia eta haurrentzako jolasak egongo dira. Dantzan amaituko da festa, 18:30etik aurrera Dj. Etxenikerekin.
Mus txapelketa, bihar
Bihar, gainera, Harrikalariak mus txapelketa azkarraren txanda ere izango da. Bigarren urtez antolatu dute, 16:00etatik aurrera plazako karpan. Izen ematea 15:30etik 16:30era egongo da irekita, plazako karpan bertan. Bikoteko 40 euro ordaindu beharko da. Sariak ere erakargarriak dira, 1500euro, 800 euro, 400 euro eta 200 euro baitaude jokoan lehendabiziko lau bikoteentzat. Txuletak eta bestelako sariak ere bai beste lau bikoterentzat. Antolakuntzak, gainera, Iruñean jokatuko den 4R txapelketarako bi gonbidapen ere emango ditu opari.
Astean zehar, Kaleko jostunen 11. edizioaren harira, maiatza guztian zehar herriko jostunek osatu duten proiektua aurkeztuko dute ekainaren 12an, osteguna, 19:00etan karpan. Aurreko egunean, herriko haurrekin batera apaingarriak egin eta plaza apainduko dute guztien artean.
San Andres herri eskolako ikasturte amaierako festa, Goierriko irakurle taldeen 7. topaketa eta Kulturarteko festak osatuko dute, besteak beste datozen asteetako egitaraua.