Bedarretea, tradizio zaharrari eutsiz
Garai batean egiten zuten moduan, belarra moztu, lehortu, garraiatu eta zuhatza egin dute. Bazkariaren ostean Iosu eta Furrielaren doinuak izango dira auzoan. Hilaren 24an jarraituko du festak, meza nagusia eta luntx herrikoiarekin.

Legazpiko Telleriarte auzora ere iritsi dira San Joan jaiak eta gaur eta etzirako zenbait ekintza antolatu dituzte. Legazpiko Goiz Deia txistulariekin hasi dute eguna auzoan, eta jarraian, bedarretea edo belar lanen erakustea egin dute, garai batean egiten zen moduan. Lehenengo idiak eta astoa prestatu dituzte, eta gurdi eta guzti, auzoan zehar ibilaldi txiki bat egin dute, trikitilariek lagunduta. Horren ostean, belarra prest zeukaten zelai batera joan dira, eta bertan bedarretearen prozesuari ekin diote: Belarra moztu, lehortu, garraiatu eta zuhatza egin dute.
13:00etan Iosu eta Furrielaren trikipoteoraren txanda izan da eta 14:30ean auzo bazkaria egingo dute, Arrizabala plazan jarritako karpan. Horren ostean, berriro ere Iosu eta Furrielaren doinuek auzoa alaituko dute.
Hilaren 24rako, San Juan ermitan meza nagusia eta lora bedeinkatzea egingo dituzte, 12:00etan, eta 13:00etan luntx herrikoia plazan.

























































