"Inprobisazioaren aurretik, zorroztasuna" eskatu dio Legazpiko EAJk EH Bilduri, ordenantza fiskalen gaian
EH Bilduk ezezko botoa eman die Gobernu Taldeak 2026rako proposatutako udal tasei eta zergei. Bikuña kiroldegiko abonuetan hobari progresiboak eskatuz egindako ekarpena onartu ez izana izan da arrazoia. Orain dagoena eredu "irisgarria eta iraunkorra" dela argudiatu du EAJk.
Legazpiko 2026rako udal ordenantza fiskalei EH Bilduk bere aurkazko botoa azaltzeko kaleratu duen dokumentuari erantzunez, “inprobisazioaren aurretik, zorroztasuna” eskatuz beste ohar bat aurkeztu du udalerriko EAJk. Ordenantza fiskalak iraileko udalbatzan onartu ziren, aurreko astean, Udal Gobernu Taldea osatzen duten EAJko eta PSE-EEko zinegotzien aldeko botoekin, eta EH Bilduk aurka bozkatu zuen.
Legazpin 2026ko tasak “zorroztasunez, erantzukizunez eta justiziaz” onartu dituztela dio bertan, eta “eguneratze neurritsua” dutela, “KPI-ari lotua gehienbat, udalaren finantza egonkortasuna eta guztiok erabiltzen ditugun zerbitzu publikoen kalitatea bermatzen dutenak”.
EH Bilduren “bide erraza”
EH Bilduren kontrako bozkari emandako azalpenari buruz, kiroldegirako tasetan hobari sistema progresiboa ezartzeko ekarpena ez onartu izana argudiatzen duena, bestalde, hauxe esan dute:
“EH Bilduk bide erraza aukeratu du berriro: titular deigarriak, % 50eko eta % 100eko hobariak, paperaren gainean soinu ona dutenak, baina hiru arazo oso larri ezkutatzen dituztenak:
– Oinarrizko akats bat. Legazpin jada existitzen ez den urteko hobari bati buruz hitz egiten dute. 2025etik hileroko ordainketa du Legazpik.
– Sistema bidegabea. 2024ko errentekin aplikatuko litzateke, bi urteko desfasearekin, desberdintasun nabarmenak sortuz.
– Eredu bideraezina. Milaka eskaera, urte erdiko administrazio-lana eta diru-sarrerak nabarmen galtzea, udal-zerbitzuen kalitatea arriskuan jarriz.
Ikus dezagun adibiderik argiena, kiroldegia. EH Bilduk urteko hobariak proposatu ditu errentaren arabera, eta erakargarria dirudien % 50 edo % 100eko hobaria. Baina praktikan horrek esan nahi du?:
– Legazpin jada EZ dagoen urteko abonu-ereduan oinarritzea. 2025etik sistema hilerokoa da, hain zuzen ere bizilagun bakoitza hobeto antolatu ahal izateko.
– Bidegabekeriak sortzea, duela bi urteko errenta zaharrekin aplikatuko litzatekeelako, gaur egun laguntza behar dutenak kanpoan utzita. Hau da, tasak 2026ko urtarrilean sartzen badira indarrean, hobariak esleitzeko aztertuko litzatekeen errenta 2024koa izango litzateke (bi urte lehenago), eta, beraz, baliteke pertsona horren egoera nabarmen aldatu izana. Gainera, erabiltzaileak urtarrilean izena ematen badu, desapuntatzen bada eta irailean berriro apuntatzen bada, kasu horretan 2025eko errenta eskatu beharko litzaioke. Kasuistika horrek izapide burokratikoen kopuru kalkulaezina eta aurreikusi ezina sortuko luke.
– Gure tamainako udal batentzat kudeatu ezin diren eskabideak eragitea. Kiroldegiak 2.400 abonatu inguru ditu gaur egun. Soilik erdiek eskatuko balute hobaria, pertsona bat lanaldi erdian jarri beharko genuke urte oso batean, hori guztia kudeatu ahal izateko. Beraz, litekeena da legazpiar guztiok ordaintzen dugun pertsona horren soldataren kostua hobaria baino handiagoa izatea, kiroldegian tarifa baxuak ditugulako.
– Diru-sarrerak nabarmen murriztea, eta horrek arriskuan jarriko lituzke kirol-jarduerak eta zerbitzuaren beraren kalitatea.
Gainera, EH Bilduren proposamenak herritar bakoitzari bere datu fiskalak emateko eskatzera behartzen du, Udalak ez baitu informazio hori. Horrek esan nahi du eskaera, ilara eta izapide kontaezinak jasotzea. Eta larriena: ez dugula modurik udalaren kontuetan benetako eragina neurtzeko, bizilagunek eskatu arte. Argi esanda: politika fiskala itsu-itsuan egitea da, jakin gabe zenbat hartuko lituzketen, ezta zenbat kostatuko litzatekeen ere. Norbaitek erabaki ekonomikoak hartuko lituzke bere etxean, kontu korrontean zenbat diru duen jakin gabe?Udal batean, askoz gutxiago.
Beraiek ‘unibertsaltasuna’ deitzen dutena, burokrazia masiboa eta bidegabekeria da herri osoarentzat”.
Eredu “irisgarria eta iraunkorra”
EH Bilduk proposatutakoari erantzunez, Udal Gobertu Taldearena “eredu irisgarria eta iraunkorra” dela nabarmendu du EAJk.
“Legazpin badugu eredu progresibo eta justu bat:
– Federatuek eta eskola-umeek ez dute kiroldegian kuotarik ordaintzen.
– Banakako ordainketa hilean 17 eurokoa izango da.
– Etxebizitza berean bizi diren pertsonentzako ordainketa hilean 27 eurokoa izango da gehienez.
– Sistema hilerokoa da, bizilagun bakoitza malgutasunez antolatu ahal izateko.
– Sistema ordenatzen duten matrikulak mantentzen dira eta zerbitzua arriskuan jarriko luketen gehiegikeriak saihesten dira.
– Gainera, kalteberatasun errealari dagokion lekuan erantzuten zaio: Gizarte Zerbitzuetan, irizpide teknikoekin eta arreta pertsonalizatuarekin, non Legazpi erreferente den.
Unibertsaltasuna ez da Udala paperez betetzea; unibertsaltasuna da kalitatezko zerbitzuak bermatzea, guztiontzat eskuragarriak eta jasangarriak”.
EH Bilduri eskaera
Honen guztiaren ondotik, EH Bilduri hau “exijitzen” diote:
“Benetan eztabaida bat ireki nahi badute, egin dezatela memoria ekonomiko serio batekin, datu erreal eta aztertuekin. Legazpin behar duenari laguntzen zaio, baina irizpide teknikoekin eta eraginkortasunarekin, ez promesa hutsekin. Ezin da politika fiskalik egin itsu-itsuan.
EH Bilduk Legazpin duen ordezkaritzarekin, proposamen serio eta bideragarriak aurkeztea litzateke gutxienekoa. Hau ez da horrela.
Eta galdera bera errepikatzen dugu: Norbaitek bere etxean erabaki ekonomikoak hartuko al lituzke horren eragina zein izango den jakin gabe? Udal batean, askoz gutxiago”.
Ondorioa
Eta honako hau ondorioztatu dute:
“Azterketa sakon baten ondoren, EAJ-PNVk 2026ko tasak onartu ditu, arduratsuak, errealistak eta bidezkoak direlako. Horiekin finantza-egonkortasuna, kalitatezko zerbitzuak eta benetako justizia soziala bermatzen ditugu.
EH Bilduk titular erraz eta populistak saltzen dituen bitartean, EAJ-PNVk funtzionatzen duena ziurtatzen du eta Legazpiko udal zerbitzuen etorkizuna babesten du.
Zorroztasuna, inprobisazioaren aurrean”.













