Piper gorriz betetzen hasi da feria
Fruta saltzaileen postuetan aukera zabala dago, kontserbak egiten dutenei begira batez ere. Plaza Nagusira ere iritsi dira produktu berriak, tartean udaberrirako barazki landareak.
Berritasunak ez dira Plaza Nagusira mugatzen Ordiziako azokan, eta Zuhaiztiko fruta saltzaileen postuetara ere iristen dira produktu berriak tarteka-tarteka. Duela gutxi, denboraldi berria hasi dute zitrikoek, eta mandarinak ireki zuen bidea. Udare tomateak, berriz, kontserbak egiteko garaia ireki zuen duela aste batzuk. Orain, piperren txanda da.
Fruta saltzaileek diote aurten piper gutxi izan dela, eta iazkoa baina eskasagoa dela kalitate aldetik, baina zer erosi badago behintzat, postu guztietan dagoelako salgai. Horien artean, Aguraingo Javier Lacallek izaten du aukera gehien. Lacallerenak eta beste saltzaileenak kontuan hartuta, oraingoz, gehienbat Errioxako Leiva herritik iristen den najerano motakoa (1,95-2,25 euro artean kiloa), pikillo (2,20-3,20 euro), morroa (1,95.2,5 euro) eta bola (2,50 euro) daude aukeran.
Arto beltza eta landareak
Plaza Nagusian ere badaude piperrak, inguruko soro eta baratzetan hazitakoak horiek. Udako azkenak dira, eta oraindik piper min eta morro dezente daude aukeran, baita Iñaki Intxaustik duen Kalifornia piperra ere, horia eta berdea (kiloa 5,9 euroan).
Intxaustik, bestalde, produktu berri bat aurkeztu du gaur: arto beltz freskoa. Artaburuak jarri ditu salgai, euro batean bakoitza, eta esan duenez, artoa gustuko dutenek egosita, labean erreta edo plantxan eginda jan ohi dute.
Aza kontuetan ere izan da berritasun bat, aza txinatarra, hain zuzen. Sustrai Askeak elkarteko postuan jarri du salgai Natalia Magallanesek, kiloa 2,8 euroan.
Landareen eskaintzan ere izan dira berriak, udaberriko tipula edo tipulina saltzen hasi direlako Iguategi, Montes eta Biona haztegiak; ehun landareko sorta 4 euroan jarri dute salgai. Lehen ilarra landareak ere iritsi dira; Montesek zituen salgai, Utrillo motakoak, 0,20 euroan.
Perretxiko aukera handia
Perretxikoak ere ugari daude azkenaldian, motari erreparatuta behintzat. Lasak, Barcinak eta Lopetegik honako lotea osatu dute gaur goizean: 140 kilo onddo (29-33 €), 40 kilo ziza hori (20-22 €), 10 kilo mendiko angula (18-22 €), 10 kilo niskalo (17 €) 8 kilo saltsa perretxiko beltz (25 €) eta 5 kilo gibelurdin (25 €).














