Erromeria ospatuko dute igandean Ardanbidetan
Autobusa egongo da Laubidetik, 10:00etan hasita. Egun osoko festa izango da, eta arku tiraketa, zaldi paseoak, herri kirolak, taberna zerbitzua, bazkaria eta musika izango dira. Kimu-berri elkarteak antolatu du.
Kimu-berri elkarteak antolatuta, Ardanbidetako erromeria ospatuko da igande honetan, aterpetxe horren inguruko zelaietan. Egun osorako ekintzak prestatu dituzte, eta musika eta taberna zerbitzua egongo dira. Gainera, autobus zerbitzua izango da Laubideko biribilgunetik, goiz eta arratsaldez, 10:00etatik aurrera.
Erromeria eguna goizean goiz hasiko da, eta Izadi Zaleak mendi elkartearekin batera, Kimu-berri aterpearen ingurura oinez igotzeko deia egin dute. Hitzordua 09:00etan izango da, Laubideko biribilgunean.
Goian, aterpean bertan eta inguruan, salda eta txorixoa banatuko dute 10:00etatik 11:30era bitartean, eta haurrentzako eta helduentzako kirol jokoak, arku tiro erakustaldiak, zaldi paseoak eta sokatira “mundiala” egongo dira, musikaz lagunduta. Bertan bazkaltzeko aukera ere izango da.
Erromeria hau urteetan Zingi Zango euskara elkarteak Agorreko Santikutzetan antolatzen zuen festaren ondorengoa da. Elkartea desegin zenean, Kimu-berri aterpea kudeatzen dutenek hartu zuten erreleboa, eta urriko azken igandean hasi ziren antolatzen duela urte gutxi.
Egitaraua
- 09:00. Mendi irteera Ardanbidetara, Izadi Zaleak elkartearekin.
- 10:00-11:30. Salda eta txorixo banaketa
- 11:00. Arku erakustaldia eta tiraketak Luma taldearen eskutik.
- 12:00. Zaldi paseoak Ormazarreta zalditegiarekin.
- 12:30. Kirol erronka haur eta helduentzat (txingak, oskolak…)
- 14:30. Bazkari herrikoa Lekanazpi elkartearen eskutik.
- 16:00. Sokatira mundiala.
*Musika, trikitilariak eta taberna zerbitzua egongo da egun guztian zehar, eta autobusa Laubidetik Lakiola Handira, 10:00etatik aurrera.













