Klima azoka egingo dute Legazpin ostegunean
Udalak bat egin du urriaren 17tik 26ra ospatzen ari den Asteklima, Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astearekin. Azoka Laubideko oinezkoen gunean izango da.
Legazpiko Udalak bat egin du urriaren 17tik 26ra ospatzen ari den Asteklima, Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astearekin, eta klima azoka egingo du ostegunean, urriak 23, Laubideko oinezkoen gunean. Asteklima egitasmoak herritarrak klima aldaketaren aurrean mobilizatzeko eta trantsizio energetiko justu baterantz aurrera egiteko helburua du.
Seigarren edizioa du arten mugimendu horrek, eta Legazpi beste 45 euskal herrirekin batera elkartu da bertara. Horren baitan, udaleko Garapen Iraunkorreko Sailak Klima Azoka ekarri du, EEE Energiaren Euskal Erakundearekin eta Ihobe sozietate publikoarekin lankidetzan.
Egun osoko jarduera
Klima Azoka egun osoan egingo da, Laubideko oinezko kale nagusian, edo Azokan eguraldi txarra egiten badu. Zazpi karpa tematikoz osatuta dago, eta bertan jokoak, dinamikak eta bestelako jarduerak eskainiko dira. Esperientzia interaktiboa eta parte hartzailea da, herritarrei klima aldaketaren kontzeptu nagusiak modu praktiko eta dibertigarrian hurbiltzeko diseinatua. Klima aldaketaren ondorioei buruz ikasi ahal izango dute, eta etxetik, eguneroko mugikortasunean, kontsumoan edo aisialdian etorkizun iraunkorrago batean nola lagundu jakin ahal izango dute.
Herritar bakoitzak bere eguneroko bizitzan aldaketa txikiak egiteko tresnak eta ideiak hartzea da helburu nagusia, eta, horiekin, bere komunitatearen eraldaketaren parte aktiboa izatea.
Publiko guztiarentzat
Klima Azoka Olamendi eta Haztegi ikastolako ikasleentzat egongo da irekita goizean. Tipi Tapa ekimeneko kideak ere bisitan joango dira.
Arratsaldean, 18:00ak arte, herritar guztientzat egongo da zabalik.













