Legazpiko alkatea Bruselan izan da, klima aldaketari buruzko topaketa batean
Latxartegiko parke berrian energia termiko garbiko proiektua gauzatzeko Europatik iritsi daitezkeen finantzazio bideak aztertzeko baliatu ditu han egindako bilerak Eric Galvezek.
Global Covenant of Mayors for Climate & Energy klima aldaketaren eta trantsizio energetikoaren aurkako ekintzarekin konprometitutako hirien eta tokiko gobernuen munduko aliantzako kide da Legazpi aurtengo abuztutik, eta erakunde horrek joan den astean Bruselan egindako topaketan parte hartu du Eric Galvez alkateak. Besteak beste, Latxartegi ingurua ‘district heating’ gune bihurtzeko Europatik iritsi daitezkeen finantziazio iturriak aztertzeko baliatu du topaketa.
Aurtengo zeremonia berezia izan da Parisko Akordioaren hamargarren urteurrena ospatzen zelako, eta horregatik parte hartu dute baita ere Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidenteak eta Europar Batasuneko eta nazioarteko beste goi-ordezkari batzuk.
Bruselan egindako egonaldian, Legazpiko alkateak Energy Citiesek antolatutako Mayor ‘s Club Dinner – Financing local heating and cooling infrastructure afarian ere parte hartu zuen. Bertan, Europako hainbat hirik berokuntza eta hozte jasangarriko hiri-azpiegituretarako esperientziak eta finantzaketa-ereduak partekatu zituzten. Bilera horretan jardunbide egokiak partekatu zituzten, eta Europa berokuntzaren eta hoztearen deskarbonizazioaren bidean kokatzeko finantzaketa-arrakala ixteko irtenbideei buruz hausnartu zuten, trantsizio energetikoaren erronka konplexuenetako bat baita hori.
Esparru horretan, Legazpik interesa agertu du energia termiko garbiko tokiko proiektuetarako Europako finantzazio bideetan, hain zuzen Latxartegi ingurua district heating bihurtzeko. Hiri berokuntzako sare bat egiteko proiektua da hori, inguruko eraikin publikoak energiaz hornituko lituzkeena, ikastola, gizarte-zentroa, kultura-etxea eta osasun zentroa horien artean.













