‘26 emakume’ kale erakusketa, Ordizian
Lemniskatak Jakiunde Akademiaren erakusketa jarri du Nikolas Lekuona plazan. Gaur Ordizientziako azken hitzaldia da Barrenan, Asier Gomezekin.
Ordiziako Nikolas Lekuona plazako erakusketa.Loinaz Agirre. Barrena jauregiaren aurreak, Nikolas Lekuona plazak, ezohiko irudia du egunotan, 26 emakume deituriko kale erakusketa osatzen duten panel handiz hornituta baitago. Lemniskatak eta Jakiunde Akademiak elkarlanean jarritako erakusketa da, euskarazko, gaztelaniazko eta frantsesezko informazioarekin.
Jakiunde Akademia «gizartearen erronka garaikideen aurrean hausnartzeko» foroa da, eta «ezagutzan eta zorroztasun zientifikoan oinarrituz, zientzien, arteen eta letren arteko jakintza trukea bultzatzen» saiatzen da. 107 kidek osatzen dute Jakiunde, eta horietatik zientzia, arte eta letra alorreko 24 emakumeren jarduna bistaratzen du erakusketak. Tartean dago Nekane Balluerka ordiziarra.

Izan ere, erakusketaren helburua «egungo erronketako bat» gainditzea da; «emakumeek jakintzaren arloetan egiten duten lana ikusezin bihurtzen duten gizarte ohiturak» gainditzea, alegia. «Neska-mutilek edozein diziplinatan aukera berdintasunean ikasi eta lan egin dezaten, gure gizarteak emakumeek bizitzako arlo guztietan duten presentzia ezagutu eta ikusarazi behar du. Emakumeak ari dira zientzietan, arteetan eta letretan, eta egiten duten lanarekin gozatzen dute». Azaroaren 2ra arte egongo da erakusketa ikusgai.
Azken hitzaldia
Zientziaren haritik, gaur amaituko da Lemniskatak antolatutako Ordizientzia zikloa. Neandertalak: Euskal Herriko lehenengo biztanleak. Teknika eta aurkikuntza berriak hitzaldia egingo du Asier Gomez Olivencia bizkaitarrak. Giza Eboluzioan espezializatutako doktorea eta paleontologoa da Euskal Herriko Unibertsitatean.
Atapuercako ikerketa taldean egin zuen tesia, Cambridgeko Unibertsitatean eta Parisko Musée de l‘Homme-n lan egin du eta 2014an Euskal Herriko Unibertsitatean sartu zen, lehenik Ikerbasque ikertzaile gisa, gero Ramon y Cajal ikertzaile bezala eta pasa den urteko urritik doktore ikertzaile gisa.













