Goierri Gau Beltza ospatzeko prest
Goierriko hamalau herritan Gau Beltza ospatuko dute bihar. Hainbat herritan gaur hasiko dira prestatzen, kalabaza hustuketekin. Euskal ohitura zaharrak berreskuratu nahi dituzte, euskaratik.
Gau Beltza izango da biharkoa, urriaren 31koa. Gero eta beltzago bihurtzen ari den gaua da gainera Goierrin, gero eta herri gehiagotan ari baitira Gau Beltza eta bertako ohiturak berreskuratzen. Iaz zazpi herritan ospatu bazuten, aurten, hamalautan ospatuko dute; Ataunen, Beasainen, Lazkaon, Olaberrian eta Ormaiztegin lehenengo aldiz.
ATAUN
Udal Liburutegian Gau Beltza ospatuko dute bihar, 17:00etatik 19:00etara. Batetik, Gau Beltzari buruzko marrazki lehiaketa antolatu dute ondorengo adin tarteetan: 0-4/5-7/8-11 eta 12tik gora. Argazki photocallean mozorrotutakoen argazkiak ateratzeko aukera izango da.
BEASAIN
Bihar, 17:00etatik aurrera, Igartzako monumentu multzoko errotan, kalabazak hustu eta kandelak piztuko dituzte. Aurpegi margoketa eta Beldurren txokoa ere izango dira. Parte-hartzaile bakoitzak bere beldurrik handiena idatzi eta gero erretzeko aukera izango du, beldurrei agur esanez. Tailerraren jarraian Ostadar Dantza Taldeak, Igartzako jauregian, sorpresaz beteriko dantzaldia eskainiko du. Eta amaitzeko, txokolate beroa hartzeko aukera izango da errotan.
18:30ean Kantujira taldearen irteera, 20:30ean Usurbe Antzokian Urrup taldearen Biztanlerik gabeko etxeko biztanleak antzezlana eta, 22:30ean, Balantza taldearen erromeria izango da Bideluze plazan.
GABIRIA
Gaur 17:00etan, gaileta tailerra egingo dute Osinalde elkartean eta bihar, 17:30ean, aurpegiak pintatzearekin hasiko da Gau Beltza. 19:00etan, umeentzako beldurrezko ibilbidea hasiko da eta ondoren, dantza, bertsoak eta beldurrak erretzea izango dira. Bukatutakoan, gailetak eta gaztainak jateko aukera izango da. 21:30ean, helduentzako beldurrezko ibilbidea hasiko da.
IDIAZABAL
Bihar, 17:00etan, Betzaida Urtaza Elizburuk Imelda eta Arimen gaua ipuin kontaketa egingo du, udaletxeko areto nagusian, eta 18:00etan, mozorrotuen topaketa eta mozorro tailerra hasiko da plazan. 19:00etan, gaztaina erreak jateko aukera izango da, sagardoak lagunduta. 19:15ean, azkenik, ihes jokoa hasiko da Txomenarena parkean.
ITSASONDO
Bihar, 19:00etan txikienentzako eta 20:00etan ausartentzako ibilaldiak izango dira. 21:30ean, afari partekatua egingo dute frontoian, eta egunarekin amaitzeko, DJ Etxebeste izango da.
LAZKAO
Bihar, 16:30ean, haurrentzako tailerrarekin hasiko da Gau Beltza. 18:30ean, plazan elkartuko dira lazkaotarrak mozorrotuta, herrian zeharreko ibilbidea egiteko. Amaieran, sua, dantza, beldurrak erretzea, gaztainak eta suzko zezena izango dira.
LEGAZPI
Gazte Txokoan, 19:30etik 21:30era, DBH1ekoentzat Ongietorri festa egingo dute eta ondoren, afari beldurgarria.
LEGORRETA
Gaur, kalabaza hustuketa izango da 17:00etan plazan eta bihar 16:45ean hasiko da festa. Lehen Hezkuntzako ikasleek, Altxorraren bila jokoa izango dute. Haur Hezkuntzakoek, berriz, jolasak, aurpegi margoketa eta dantzak. 18:15ean, merendola izango da, eta 18:30ean, buruhandiak aterako dira txupinazoarekin batera. Amaitzeko, 19:20ean, erritua egingo da plazan.
OLABERRIA
Bihar, 17:00etan, misterioaren bidea osatuko dute herrian. 17:45ean kalabaza tailerra eta 18:30ean amaierako merendola egingo dituzte.
ORDIZIA
Hitzaroren ludotekatako haurrak 17:30ean hasiko dira eskean eta 19:00etan Plaza Nagusia bilakatuko da Gau Beltzaren ospakizun lekua, lehen aldiz. Eskulan tailerra (Marta Art), Photocalla (Ortzadar argazki taldea) eta gaztaina erreak (Ordizia Rubgy) izango dira 19:00etan hasita. 20:00etan, Oreka taldeak antzerki ikuskizun argiztatua eskainiko du eta Lurhats musika taldearen jardunarekin amaituko da eguna.
ORMAIZTEGI
Gaur, 16:15etik 18:30era kalabazak hustu eta izaren bidez aurpegiko estalkiak egingo dituzte kultur etxean. Bihar, 20:00etan, Kultur Etxe aurrean jarri dute hitzordua ibilbideari hasiera emateko. Aurretik nahi duenak aurpegia margotzeko aukera izango du, 19:00etatik aurrera. Abestuz eta beldurrak sutara botaz bukatuko dute ibilaldia.
SEGURA
Bihar, mozorroak jantzita, 17:00etan, kalabaza tailerra egingo dute plazan eta ondoren aurpegi margoketa. 18:30ean, mezu sekretuaren bila ariko dira LH1etik aurrerako haurrak eta amaieran, beldurrak erretzea eta gaztaina erreak izango dira.
ZALDIBIA
Gaur, 18:00etan, kalabazak hustu eta kriseiluak prestatuko dituzte plazan. Bihar, 18:00etan, plaza apaindu eta nahi duenak mozorrotzeko aukera izango du. Ondoren, ibilbidea egingo dute talde txikitan. Aurten ibilbide bakarra izango da, gazteenetatik hasita.
URRETXU-ZUMARRAGA
Gaur, mozorro tailerrak egingo dituzte Zelai Arizti kultur etxean, arratsaldean. Aurrez izena eman behar da. Bihar, Gau Beltzeko ginkana egingo dute orduero Areizaga-Kalebarren plazan, 16:00etan hasita













