Ordiziako PSE-EEk udal zerbitzuak "pertsona guztientzat eskuragarriagoak" izatea eskatu du
Udal Talde Sozialistak jakinarazi duenez, mozio bat erregistratu du "tokiko zerbitzu publikoak 11/2023 Legeak ezarritako irisgarritasun unibertsaleko estandarretara pixkanaka egokitzea sustatzeko".
Ordiziako udaletxea.Loinaz Agirre. Ordiziako PSE-EEk prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, mozio bat erregistratu du Ordiziako Udalean “udal zerbitzu guztietan irisgarritasun unibertsala hobetzeko” eskatuz. Ana Sanchez Herraez bozeramailearen esanetan, helburua da “pertsona guztiek zerbitzu publikoak baldintza berdinetan erabili ahal izatea”.
Gaineratu duenez, “ekimen horrek Europako 2019/882 Zuzentarauaren transposizioa egiten duen lege-esparru berriari erantzuten dio, eta produktu eta zerbitzuak
–digitalak, garraiokoak, herritarren arretakoak eta oinarrizko hornidurakoak barne– pertsona guztientzat irisgarriak direla bermatzera behartzen du, desgaitasuna dutenak barne, segurtasun, autonomia eta erosotasun baldintzetan”.
Izan ere, sozialisten esanetan, “irisgarritasuna ez da gehigarria, eskubidea baizik. Administrazio publiko gisa, eredugarriak izan behar dugu eta bermatu behar dugu inor ez dela udal zerbitzuetatik kanpo geratuko oztopo fisiko, digital edo komunikatiboengatik”.
PSE-EEren ustez, Ordiziak inklusioaren eta irisgarritasunaren “eredu” izan behar du, eta, “horregatik, udal zerbitzuetan irisgarritasunaren diagnostiko teknikoa egitea, kanal digitalak eta presentzialak pixkanaka egokitzea, kontratazio publikoan irisgarritasun-klausulak sartzea eta herritarrek parte hartzeko kanal bat ezartzea” proposatu du, “hobetzeko proposamenak jasotzeko”.
Era berean, laguntza teknikoa eta finantzarioa eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, neurri horiek modu koordinatuan eta eraginkorrean ezartzeko. “Proposamen honen bidez, Udal Talde Sozialistak Ordizia inklusiboagoa, bidezkoagoa eta pertsona guztien eskubideak errespetatzen dituena izateko konpromisoa berresten du”.













