San Ignazio auzoko euri uren drainatze sistemak emaitza onak eman ditu
Hala baieztatu du EHUko ikerlari talde baten azterketak. Sistema hori haur parkearen gainaldeko plazan dago kokatuta. Hormigoi porotsuzko lauzak daude zoruan, eta bertatik drainatzen da ura, depositu batera.
Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza, Kimika eta Geologia ataletako ikerlari talde batek Legazpiko San Ignazio auzoko euri uren drainatze instalazio jasangarri bat aztertu dute, eta ondorioztatu dute horrela drainatuta, uren kalitatea hobetzea lortzen dela.
Zoladura iragazkorren eragina hirietako isurketa-uren kalitatean du izenburua ikerketa lan horrek, eta Ainhoa Lekuona-Orkaizagirre, Maite Meaurio, Eneko Madrazo-Uribeetxebarria, Maddi Garmendia Antin eta Ainara Gredilla dira ikerlariak.
Bi gune, alderatzeko
Legazpiko Udalaren lankidetzarekin egindako ikerketa horretan, bi gunetan jasotako urak aztertu dituzte, biak San Ignazio auzoan, emaitzak alderatzeko. Batetik, haurren parkeko gainaldean dagoen aparkalekuko drainatze sistema behatu dute, kale horretako ur guztia jasotzen duena. Aparkaleku horretan zoladura iragazkorra dago, hormigoi porotsuzko lauza aurrefabrikatuz osatuta, eta bertatik igarotzen den ura haur parkearen azpialdean lurperatuta dagoen ur biltegi edo depositu batera bideratzen da, eta bertan metatu. Ur hori aztertu dute.
Aztertutako bigarren eremua gertu dagoen beste aparkaleku bat da, asfaltozkoa, eta horretan jasotako ura infiltratu gabea da.
Alderaketaren emaitza argia da: «Zoladura iragazkorretik igarotako eta infiltratutako uren kalitatea hobea da, uraren uhertasuna txikiagoa da, sedimentuak murriztu dira, eta uretan disolbatuta dauden burdina, manganesoa, banadioa eta kobrea bezalako metal batzuen edukia ere txikiagoa da».
Horren guztiaren ondorioz, drainatze sistema horretatik igarotako urak garbiketarako, ibaira zuzenean isurtzeko edo ureztatzeko erabili daitezke.
Emaitzak, beraz, ezin hobeak dira, baina ikerketaren egileek argi utzi dute behaketarekin jarraitu egin behar dela, Legazpiko drainatze sistema horrek bost-sei urte besterik ez dituelako, eta etorkizunean zoladurak eraginkortasuna mantenduko duen ezin delako ziurtatu oraindik.
Ekaitz andela
San Ignazioko drainatze sistemako deposituan bildutako ura herriko lorategiak ureztatzeko erabiltzen zuten hasiera batean, baina orain deposituaren funtzioa beste bat da, eta ekaitz tanke edo andel gisa erabiltzen da.
Ekaitz tankeetan euri urak biltegiratzen dira, eta gero pixkanaka askatzen dira. Hori ere sistema jasangarria da.














