Gune sozialista berria Goierrin
Goierriko Kontseilu Sozialistak Larrosain Gune Sozialista ireki du Legazpin. Oinarrizko gaien bilketa egin ondoren banaketarekin hasita daude, eta ikasleentzako doako klase partikularrak ere martxan daude. Gazteen inguruan sortutako mugimendu sozialista belaunaldi gehiagotara zabaldu nahi dute.
Uxue Untzilla eta Eñaut Martinez de Birgara, LarrosainenTere Madinabeitia Kontseilu Sozialistak egoitza berria du Goierrin: Legazpiko Larrosain Gune Sozialista. Saturnino Telleriako biribilguneko autobus geltokiaren ondoan dago. Joan den ostiralean inauguratu zuten, Legazpin intsumisioaren aldeko mugimendua gogoratzeko solasaldi batekin eta palestinar herriaren aldeko kantaldi batekin.
Ordutik, martxan dago, eta Eñaut Martinez de Birgara eta Uxue Untzilla Kontseilu Sozialistako kideek azaldu dituzte bere helburuak eta zereginak. Izenaren hautaketarekin hasi dira. Otañu mendiaren inguruan dagoen eremua da Larrosain, eta «Gerra Zibilaren garaian nazionalak Zegaman finkatu zirenean bando errepublikanoak Legazpi defendatzeko bi herrien artean eraiki zituen defentsa guneetako bat» kokatu zuen bertan. «Izen hori hartzea aproposa iruditu zitzaigun, faxismoaren gorakada bizitzen ari garen garai honetan horren aurka antolatzeko gune bat ere badelako gurea».
Kontseilu Sozialistak
Bi urte dira Euskal Herriko Kontseilu Sozialista sortu zutenetik. «2018aren bueltan jaio zen mugimendu sozialistaren antolakunde nagusia» dela gogoratu dute bi legazpiarrek. «Mugimendu politiko haren inguruan jende gazte asko bildu zen», eta hainbat problematika lantzen hasi zen, «gazteena, ikasleena, emakumeena… beti ikuspegi sozialista batetik».
Laster, lanketa haietarako «beste tresna antolatzaile batzuk» behar zirela ikusi zuten, eta horrela sortu ziren Kontseilu Sozialistak. «Kapitalismoak gure bizitzetan sortzen dituen arazoen osotasunari aurre egiteko helburuarekin». Eskualdeka daude antolatuta eta Euskal Herri osoan daude banatuta.
Euskal Herrikoa, 2023koa
Baina iritsi zen unea Euskal Herri osoko «bozeramailetza bat eratzeko», eta zentzu horretan, 2023ko abenduan pauso bat eman zuten, eta eskualdeka antolatutako taldeak batzen zituen Euskal Herriko Kontseilu Sozialista sortu zuten, «guztien bozeramaile izateko».
Hala ere, eguneroko jarduera oraindik eskualdeko erakundeek daramate mugimendu horren barruan. Goierriko Kontseilu Sozialista da horietako bat. «Ez gara asko oraindik, baina egiten dugunak badu oihartzuna kalean, eta hazten ari gara», diote bi kideek, eta azpimarratu dute «hain despolitizatuta» dagoen une hauetan mugimendu sozialistak lortu duela «gazte asko gerturatzea eta antolatzea». «Eta zentzu horretan badugu indarra».
Hala ere, argi utzi nahi dute helburua dela «mugimendu sozialista hau belaunaldi artekoa izatea», ez mugatzea gazteen problematiketara, baizik eta beste belaunaldi batzuetara ere iristea eta problematika orokorrak jorratzea. «Eta horretan dugu erronka handia».
Larrosain, lanean hasita
Larrosain Gune Sozialista Goierrin duten bigarren egoitza da. Beasaingo Ezkiaga auzoan dago zentroa, eta Legazpikoaren sorrera «hazkunde prozesuan» kokatu dute. «Gainera herrian mugimenduak indarra du, eta militante dezente daude».
Jardueretako bat oinarrizko gaien bilgune eta banaketa puntu izatea da. Inaugurazioaren biharamunean egin zuten bilketa, eta «oso gustura» geratu ziren «herritarren erantzun onarekin». Bildutako hori premia dutenen artean banatuko dute orain. «Gure lan lerroetako bat da hori. Ikusten dugu oinarrizko eskubide batzuk formalki onartuta daudela, baina horretarako baldintza dirua dela. Ildo horretan, premiak dituzten familia batzuk antzeman ditugu Legazpin, eta horiei helaraziko dizkiegu».
Zentzu berean antolatu dituzte klase partikularrak. «Gure inguruan dauden irakasle gazteekin sare bat osatu dugu, eta hasita gaude maila desberdinetako ikasleei astearte eta ostegunetan klaseak ematen».
Horrez gain, Goierriko Kontseilu Sozialistaren barruan lan egiten duen Etxebizitza Sindikatuak aholkularitza zerbitzua emango du hileko azken ostiraletan.
Eta urtean zehar hainbat kultura egitasmo gauzatzeko asmoa dute, «literatura edo arte adierazpen desberdinekin lotutakoak». Gai askotariko hitzaldiak antolatzeko asmoa ere badute. Astebete besterik ez du Larrosain Gune Sozialistak, baina lanean hasita dago, eta proiektuz betea. Gune irekia dela nabarmendu dute Martinez de Birgarak eta Untzilllak, eta harremanetarako goierri@kontseilusozialista.eus helbide elektronikoa dute.













