Legazpi, Inmigrant Times sarirako izendatuta
Legazpiko Berdeak taldeak babestu du elkartasun sari horretarako proposamena. Bizikidetza harmoniatsuagatik eta gizarteratzearekin duten konpromisoagatik nabarmentzen diren komunitateak saritzen ditu.
Legazpi Immigrant Times 2026 Elkartasun Sarirako izendatu dute, eta Legazpiko Berdeak + Independiente udal taldeak publikoki babesten du izendapena. Nazioarteko aitorpen horrek bizikidetza harmoniatsuagatik eta gizarteratzearekin duten konpromisoagatik nabarmentzen diren komunitateak saritzen ditu.
Izendapena alderdi horretako emakume batek egin du, “belaunaldiz belaunaldi udalerriaren ezaugarri diren abegi eta elkartasun tradizio luzea” balioetsi nahian. Hautagaitzaren testuan jasotzen denez, “Legazpi abegi onaren, elkartasunaren eta kulturartekotasunaren adibide paradigmatikoa da. Industria Iraultzatik, Espainiako hainbat eskualdetako migratzaile ugari hartu zituenetik, elkarbizitzan eta elkarrekiko errespetuan oinarritutako nortasun kolektiboa eratu du”.
Alkate onenaren sariaren ordez
Immigrant Times Elkartasunaren Sari berriak aurreko Munduko Alkaterik Onena saria ordeztuko du. Alkateena hutsik uztea erabaki zuten duela gutxi, “hautagaitza askok pobreziaren aurkako proiektu eraginkorrik garatu ez zutela iritzita”. Horren ordez, aitorpen berri honek “benetako eta eguneroko elkartasuna praktikatzen duten herri eta komunitateetan jartzen du arreta”.
Legazpiren izendapenean jasotzen denez, “8.000 biztanle baino gehiago eta berrogeita hamar nazionalitate baino gehiago udalerri berean bizi direla, Legazpi kohesio sozialaren, errespetuaren eta aniztasunaren adibide gisa finkatu da, non jatorri desberdinetako bizilagunen arteko lankidetza egunerokotasunaren parte den”.
“Merezitako aitorpena”
Legazpiko Berdeak + Independenteek uste dute izendapen hori “merezitako aitorpena” dela legazpiarren eta haien elkarte eta toki erakundeen lanagatik: “Legazpik ekintzekin erakusten du bizikidetza, enpatia eta lankidetza posible direla. Benetan uste dugu sari hau merezi dugula, eta pertsona guztiak animatzen ditugu hautagaitza hau babestera ”, adierazi dute udal taldetik.
Izendapena babestu nahi dutenek solidarity.prize@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidaliz egin dezakete, mezuaren gaian «Legazpi» adieraziz.
Informazio gehiago webgune ofizialean dago: https://www.immigranttimes.org/post/solidarity-prize-2026-for-europe.













