Legazpiko Udalak Urtatza auzoko irisgarritasuna eta hiri kalitatea hobetzeko plan integrala egin nahi du
Planaren helburu nagusia auzoaren erronka nagusiei erantzun bateratua ematea da, bertan hirigintza, gizarte, ingurumen eta energia alderdiak integratuz. Bizilagunekin lankidetzan gauzatuko da.
Legazpiko alkatea eta udal aparejadorea, Josean Medina arkitektoarekin Urtatzako gune batean.Legazpiko Udala Legazpiko Udalak Urtatza auzorako plan zuzentzaile bat diseinatu nahi du, eta Josean Medina arkitekto legazpiarrari eskatu dio lan hori egiteko. Plan Zuzentzaile honen helburu nagusia auzoaren erronka nagusiei erantzun bateratua ematea izango da, bertan hirigintza, gizarte, ingurumen eta energia alderdiak integratuz.
Planarekin, hiri, gizarte eta ingurumen hobekuntzarako estrategia orokor bat zehaztu nahi dute, auzo osoan modu koordinatuan jardun ahal izateko, elkarren artean koherentziarik ez duten interbentzio partzialak saihestuz.
Urtatza, auzo berezia
Udal ordezkariek gogoratu dutenez, Urtatza “Legazpiko auzorik berezienetako bat da”. Malda handiko muino batean sortu zen, eta bere trazadura “etxebizitza blokeen antolaera eraginkorrenaren inguruan” eratu zen, hiri egitura eta irisgarritasuna baldintzatuz. Beste auzo zaharragoetan ez bezala, ez zen espazio publikoaren kalitatea lehenetsita diseinatu, eta horrek, denborarekin, mugikortasun zailtasunak, berdegune kualifikatuen gabeziak eta hiri balio gutxiko espazioak eragin ditu.
Hala ere, Urtatzak “auzo kohesio handia eta komunitate sentimendu handia” dituela nabarmendu dute. “Bizilagunek ingurua zaintzen dute, eraikin gehienetan igogailuak jartzea bultzatu dute, eta auzoa hobetzeko konpromiso argia erakusten dute”.
Azken urteotan, Udalak hainbat hobekuntza lan egin ditu Urtatzan, batez ere irisgarritasunaren eta urbanizazioaren arloan. Inbertsio handiko lanak izan dira, baina ez dute emaitza globalik izan, “unean-unean eta eremu zehatzetan garatu baitira” hobekuntza horiek. Horregatik, proiektu berri hau auzoa bere osotasunean aztertu eta planifikatzeko aukera gisa planteatu dute, etorkizuneko jarduketak koordinatu ahal izateko ikuspegi integral bat eskainiz.
Etorkizun ikuspegiko plana
Plan Zuzentzaile berriak auzoaren erronka nagusiei erantzun bateratua eman beharko die. Egungo egoeraren diagnostiko orokorra eginda hasiko dira lanean, eta ondoren hainbat puntu jorratuko dituzte.
Batetik, hiriko eta oinezkoentzako irisgarritasuna hobetzea izango dute helburu, bai espazio publikoetan, bai atarietan. Bigarrenik, espazio publikoak eta berdeguneak berrantolatu eta biziberrituko dituzte, bizikidetza eta herritarren erabilera sustatzeko. Hirugarrenik, zaharkitutako hiri-azpiegiturak berritu eta haien eraginkortasuna hobetuko dituzte. Laugarrenik, urbanizazioan iraunkortasun irizpideak sartuko dituzte. Eta azkenik, hori guztia gauzatzeko jarduketa faseak eta balorazio ekonomiko orokorra ezarriko dituzte, hobekuntzak arian-arian gauzatzen laguntzeko.
Legazpi Auzoetatik
Eric Galvez alkateak nabarmendu du plan hau ez dela soilik “maila teknikoan antzemandako beharretatik” sortu, eta Legazpi Auzoetatik prozesu parte-hartzailean herritarrek azaldukoak ere kontuan hartu direla. Legazpi Auzoetatik bilerako “entzute aktiboari esker, hobeto dakigu auzoko zein alderdik behar duten lehentasunezko jarduketa”.
Galvezek berretsi du azken urteotan Urtatzan egindako hobekuntzen eragina eragina ez dela modu uniformean ikusten auzo osoan. “Horregatik, orain beste urrats bat ematen ari gara: proiektu global bat nahi dugu, Urtatza osotasun bat dela pentsatuko duena, eta jarduerak modu koherente eta planifikatuan koordinatzea ahalbidetuko duena”. Urtatzak dituen erronkei “anbizioz aurre egiteko ordua” iritsi dela esan du, eta behin betiko proiektua lortu ondoren, finantzaketa bila administrazioengana joko dutela aurreratu du, “udalak bideratzen dituen baliabide propioekin batera, beharrezko inbertsioak egin ahal izateko “.
Alkateak azpimarratu duenez, plan hau “auzo irisgarriago, bizigarriago eta jasangarriago baten aldeko apustua da, bertan bizi direnen nortasuna mantendu eta bizi-kalitatea indartuko duena”.
Bizilagunekin elkarlanean
Plana Urtatzako bizilagunekin “lankidetza estuan” garatuko da, eta proposamenak eta lehentasunak aurkeztu ahal izango dituzte.
Jarduera honek udalaren 2023-2027 Legegintzaldi Planean hartutako konpromisoari erantzuten diola gogoratu du Galvezek, eta bat egiten duela udaleko beste plan estrategiko batzuekin. “Auzo proiektua da hau, baina baita udalerri proiektua ere”, esan du. “Berarekin Legazpi kohesionatuago, berdeago eta etorkizunera hobeto egokitutako baterantz goaz”.














