Paul Urkijoren 'Gaua' filma azaroaren 22tik 24ra ikusi ahal izango da Latxartegin
Zinemagileak Mirandaolako burdinolan grabatu zituen bere azken lan honetako hainbat sekuentzia. Gaur estreinatuko du Euskal Herrian, Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko zinema jaialdia irekiz.
Paul Urkijo Mirandaola burdinolaren ondoan, aurtengo urtarrilean. Lenbur Fundazioa Paul Urkijo zinemagile euskaldunak gaur estreinatuko du Euskal Herrian Gaua bere azken lana, Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko zinema jaialdian hain zuzen. Mirandaolako burdinolan grabatutako hainbat sekuentzia jasotzen dituen filma azaroaren 22an iritsiko da Legazpira, eta asteburu horretan proiektatuko dute Latxartegi aretoan.
Urte hasieran izan zen Urkijo Legazpin, grabaketa lanak egiten, Mirandaolako burdinolan eta inguruetan. Errodajean 85 pertsonako lan taldea aritu zen.
Fantasiazko eta errealitate historikoaren artean kokatzen da Gaua filma, eta euskal mitologiaren gaueko munduan murgiltzen da, XVII. mendean girotuta. Hain zuzen, gaueko izakien mundu mitologikoa eta landa eremuko sineskeriaren iruditeria uztartzen ditu, «misterioz, emozioz eta epikaz betetako unibertso bat sortuz».
Yune Nogueiras, Ane Gabarain, Elena Irureta eta Iñake Irastorza dira filmeko aktore nagusiak, eta Xabi Jabato, Erika Olaizola, Manex Fuchs eta Elena Uriz dituzte alboan, besteak beste.













