Ukabilka borroka taldea aurkeztuko dute gaur Legazpiko Gaztetxean
Pintxo-potearekin eta kontzertu akustikoarekin lagunduko dute 18:00etan hasiko den ekitaldia. Azaroaren 8an entrenamendu saio irekia egingo dute.
Ukabilka borroka taldea sortu berri dute Legazpiko gazte batzuk, eta gaur aurkeztuko dute herriko Gaztetxean 18:00etan egingo duten ekitaldi batekin. Bertan, taldearen izaera eta entrenamenduen dinamikak azalduko dituzte.
Borroka taldeak Gaztetxean bertan egingo ditu entrenamenduak ikasturtean zehar. Entrenamendu saio irekiak izango dira, eta borrokan trebatu nahi duen edozeinek parte hartu ahal izango du. Lehen saioa hurrengo larunbatean izango da, azaroaren 8an, 10:30ean.
Pintxo potea eta musika
Gaurko aurkezpen ekitaldi honekin, ikasturte berria hasiko du Legazpiko Gaztetxean. Pintxo-potea ere izango da ondoren, eta Ibai Murgiak girotuko du, kontzertu akustikoarekin. Aurrerantzean, ostiralero izango dira pintxo-poteak, 19:00etan hasita.
Hurrengo asterako musika kontzertuak prestatu dituzte. Larunbatean, azaroaren 8an izango dira. 19:00etan The Kellers eta John Dealer & The Coconuts taldeek joko dute, eta 23:30ean hasita, Wayside eta Chegebanda igoko dira taulatura. Lau taldeak legazpiarrak dira.













