Vesga familia, 60 urtetik gora fruta salmentaren munduan
Alvaro Vesga eta Julia Gomez senar-emazte burgostarrek 1965ean Legazpin martxan jarritako fruta salmenta negozioak bizirik jarraitzen du 60 urtera. Ondorengo belaunaldiaren eskuetan dago, Sustrai deitzen da orain, eta Gipuzkoako beste herri batzuetara zabaldu da.
Urte esanguratsua itxi berri du Legazpin egoitza duen Sustrai fruta salmenta enpresak. Alvaro Vesga eta Julia Gomez senar-emazteek 1965ean sortutako negozioak 60 urte egin zituen iaz, eta osasuntsu jarraitzen du oraindik martxan, Sustrai izenarekin, eta ondorengo belaunaldiaren eskuetan.
Legazpin bertan, Ordizian, Oñatin eta Arrasaten daude gaur egun Sustrai dendak, eta langileak hainbat azokatara ere joaten dira fruta eta barazkiak saltzera. Guztien artean, Alvarok eta Juliak irekitako bideari jarraipena eman diote, eta hasierako esentzia mantendu dute: familia negozioa izaten jarraitzen du, eta generoaren kalitatea eta bezeroekiko gertutasuna du ikur.
Negozioaren hasierak
Burgoseko Tobalina haraneko San Martin de Don herrikoak (Espainia) ziren Alvaro Vesga eta Julia Gomez, eta Legazpira Patrizio Etxeberriaren lantegiak erakarrita etorri ziren, lanera. Alvarok bost urte egin zituen lan ‘goiko laminazioan’, eta utzi egin zuen fruta salmentara osorik dedikatzeko. Ordurako, negozioa martxan zuen.
San Ignazio auzoko lokal batean ireki zuen denda eta biltegia bikoteak, 1965ean. Fruta eta barazkiak saltzen zituzten han, eta herriko beste denda batzuetara banatzen zituzten. Orduan generoa Errioxako Calahorratik ekartzen zuten, igandeetan egun osoak horretarako hartuta, eta hara joaten zen beste fruta saltzaile baten bidez ezagutu zuen Alvarok gerora negozioaren zutabe garrantzitsua izango zen Ricardo del Rio.
Del Riok 51 urte egin zituen lan familiarekin, 14 urterekin hasi 1970ean eta 2021ean jubilatu arte. Gurasoekin batera, negozioaren arima izan zela diote gaurko Vesgatarrek, lan arloan eta arlo emozionalean.
Dimentsio handiagoa
Ibilbide luze honetan aldaketak izan ditu negozioak. Orain sortzaileen seme-alaben eskuetan dago. Alberto arduratzen da kudeaketaz, Jose Luis erosketen eta azoken arduraduna da, eta Juli, Laubideko dendarena. Izan ere, negozioa handiagoa da orain, eta San Ignazioko hasierako biltegia eta denda hura baino askoz ere gehiago da.
Urte askoan egin zuten lan biltegi hartan, asteko ia egun guztietan azoketara joaten. Baina aldaketa egiteko garaia iritsi zen, eta denda bat ireki zuten Laubide auzoan duela 45 urte. Herriko lehen fruta denda izan zen.
Negozioa bigarren belaunaldiak darama orain, Sustrai izenarekin
Negozioaren sortzaileak jubilatzeko garaia iritsi zenean, ondorengoek hartu zuten erreleboa. Ordura arte, familia negozio txikia zen, eta belaunaldi gaztearen eskutik beste dimentsio bat hartzen hasi zen. Horrela, 2000. urtean Urolako industrialdean pabiloia hartu zuten, Legazpin bertan, eta hurrengo urtean bigarren denda ireki zuten, Nafarroa kalean. Hurrengo pausoa Oñatiko erdiguneko denda irekitzea izan zen, 2006an, eta bigarrena ere ireki zuten bi urtetara, San Lorentzo auzoan. 2013an Arrasaten ireki zuten denda, erdigunean, eta azkena, Ordizian, pandemia garaian, 2020an.
Biltegia, sei denda, eta 22 langile ditu gaur egun, eta sei azoka egiten ditu astean
Aldi berean, merkatuen salmenta mantendu zuten, eta gaur ere negozioaren atal garrantzitsua izaten jarraitzen du. Legazpiko, Oñatiko, Arrasateko, Ordiziako, Elgetako eta Zegamako azoketara joaten dira gaur egun. Lehen, Azpeitira eta Zumarragara ere joaten ziren.
Sustrai eta Sustraitxo
Orain Sustrai du izena enpresak, eta 22 pertsonak egiten dute lan, bulegoan, biltegian, dendetan eta azoketan. Sozialki oso inplikatuta dagoen enpresa da, eta hainbat jarduera babesten ditu, bereziki kirol arlokoan, besteak beste, judo torneoak, saskibaloi taldeak, atletismo jardunaldiak eta lasterketak. Fruta jartzen du, sariak emateko edo anoa postuetarako, adibidez.
Sustrai enpresak maskota bat ere badu, Sustraitxo izenekoa eta madari berde baten forma duena. Oñatin famatu egin zen bere garaian, enpresak babesten zuen saskibaloi taldearen partidetan kantxara ateratzen zelako.
Vesga familiaren bigarren belaunaldiak darama gaur enpresa, baina horiek ere urteetan aurrera doaz, eta pentsatzen hasita daude etorkizunean. Ez dute argi enpresaren jarraipena hirugarren belaunaldiaren esku egongo den, baina badakite Sustraik aurrera egingo duela, Vesga abizenarekin loturarik izan ala ez.














