Aizalekura irteera antolatu du Haztegi ikastolak
Martxoaren 15ean egingo dute, eta igande honetan amaituko da izena emateko epea. Ikastolako komunitate osoari zuzenduta mendi irteera da.
Aizaleku mendira irteera antolatu du Haztegi Ikastolak bere komunitate osoari zuzenduta. Hilaren 15ean izango da, igandearekin, eta izena emateko azken eguna igande hau da, martxoaren 8a. Izen-ematea on line egin behar da.
Ikastolako ikasleei, gurasoei eta langileei zuzendutako “mendi irteera berezia” izango da, “elkarrekin naturaz gozatzeko, harremanak sendotzeko eta komunitate bezala une polit bat partekatzeko helburuarekin”. Izan ere, “ikastola ez da soilik ikasteko gunea; elkarbizitza, esperientzia partekatuak eta komunitate sentimendua eraikitzeko espazioa ere bada”. Horregatik, mendi irteera hau “aukera paregabea izango da familia, ikasle eta irakasleak giro lasaian elkartzeko, naturan ibiltzeko eta eguneroko errutinatik ateratzeko”.
Irteerarako hitzordua 10:00etan izango da, ikastolako patioan. Ibilbidea adin eta maila ezberdinetara egokituta egongo da, “parte-hartzaile guztiek modu erosoan gozatu ahal izan dezaten”. Antolatzaileek diotenez, “helburua ez da soilik mendira igotzea, baizik eta bidean sortzen diren uneak partekatzea: elkarrizketak, barreak eta komunitate giroa”.
Ibilaldia amaitutakoan, menditik jaitsi eta berriro ikastolako patioan elkartuko dira, musikaz lagunduta, hamaiketako batekin bukatzeko.













