Martxoaren 13ra arte jasoko dituzte plastikozko tapoiak Olamendiko ikasleek
Tabakalerarekin elkarlanean, institutuko sarrerarako altzairuak egingo dituzte plastikoarekin. Olamendiko bi eraikin nagusietara eta Gizarte Zentrora eraman daitezke tapoiak.
Iazko abendu hasieran martxan jarritako plastikozko tapoi bilketa amaitzera doaz Olamendi institutuko DBHko bigarren mailako ikasleak. Tabakalerarekin elkarlanean, ikastetxeko sarrerarako birziklatutako plastikozko altzariak egitea helburu duen proiektu bat aurrera eraman ahal izateko, herritarrei laguntza eskatu diete, eta bilketa kanpaina amaitzear dagoela, oso harrera ona izan dutela jakinarazi dute.
Kanpaina martxoaren 13an itxiko dute, eta ordura arte denbora dago oraindik ikasleei tapoiak emateko.
Olamendi ikastetxeko bi eraikin nagusietan eta Gizarte Zentroko bi sarreretan jarri dituzten ontzietan utzi behar dira tapoiak. Proiektuaren arduradunek esan dutenez, herriko hainbat taberna ere laguntzen ari dira bilketarekin.
Behin tapoi guztiak batuta, sailkapenari ekingo diote ikasleek Aste Santuko oporren ostean, eta Tabakalerara bidaliko dituzte. Han, plastikoa urtu eta altzariak egingo dituzte, San Martin auzoko ikastetxeko sarreran jartzeko banku bat eta esekitoki bat, besteak beste.













