Samina eta elkartasun mezuak zabaldu dira Legazpin Jokin Uribetxeberriaren heriotzaren ondoren
Goizean hil da mendi korrikalari legazpiarra, Korosti mendiko bidean. Albistea bolo-bolo zabaldu da eguerdirako, eta sare sozialak lagunen eta mendi lasterketen munduko kideen samin eta elkartasun mezuaz bete dira.
Jokin Uribetxeberriaren heriotzak samina zabaldu du Legazpi osoan, batez ere mendi lasterketen munduan eta Haztegi Ikastolako komunitatean. Uribetxeberria mendi korrikalaria zen, eta ikastolako irakasle. 34 urte zituen.
Bere heriotza goizean gertatu da, Korosti izenarekin ezagutzen den Gorostiaga mendiko bidean, Mataburros aldaparen ondoan. Emakume batek aurkitu du, eta larrialdi zerbitzuetara deitu du 09:45 inguruan. Anbulantzia gerturatu da, baina ezin izan dute suspertu. Albistea laster iritsi da herrira eta bolo-bolo zabaldu da eguerdirako. Sare sozialak bihozmin eta elkartasun mezuez bete dira ordutik.
Samin mezu ugari
Korosti Trail mendi lasterketaren antolatzaileena da mezu horietako bat. Instagram kontuan zabaldu dute, “Korostitik pasatzen garen bakoitzean besarkada bat Baxurde!” esanez. Mendian Uribetxeberriarekin askotan korrika egindako Jon Lonbidek ere mezu hunkigarria zabaldu du bere kontuan: “Kilometro batzuk elkarrekin indakok gea Jokin, baño gaur zure kontadoreak gelditzea erabaki do gure Korosti kuttunean. Harro eon gaitezke gure ondoan izan zaitugunok beti izango zarelako kirolean eredu. Ze disziplina, gogo, motibazio, gomendio…amai gabekok…zure gustoko tokian joan zara eta zure gustoko tokian gogoratuko zaitugu. Bizkleta buelta bat pendiente gelditu zaigu e!
Laster arte nausi! Mendiak gozo har zaitzala!”.
Aztiriako Mendi Lasterketa, Gaztetxea, Aloñako Igoera, Urbiako Fonda, Kangas Mountain, Ibargutxi Kirolak, Alpine Uzturre kluba, Tolosaldeko 3 Tontorrak, Euskal Mendizale Federazioa, herritar ugari… asko izan dira Legazpiko kirolari honen heriotzaren aurrean samina agertutakoak.
Ikastolaren agurra
Baina Uribetxeberria, mendi korrikalari izateaz gain, irakaslea ere bazen. Haztegi Ikastolan egiten zuen lan, eta bere lankideek hitz hauekin agurtu dute:
“Gero arte Jokin.
Batzuetan, hitzak ez dira nahikoa izaten sentitzen duguna adierazteko. Halaxe gertatzen zaigu gaur Haztegi Ikastolan. Bat-batean joan zara, eta zure hutsunea oso sakona da.
Gure egunerokoan parte izan zara: harremanetan, irribarreetan, elkarrizketa xumeetan, geletan, pasabideetan, bileretan… Zure lanak eta konpromisoak izugarrizko arrastoa utzi du gure komunitatean.
Hezkuntza komunitate batek pertsonen bidez hartzen du benetako zentzua. Eta pertsona batzuek, ia konturatu gabe, bihotzetan lekua egiten dute. Zu Jokin, horietakoa izan zara. Zure gertutasuna, eskuzabaltasuna eta eguneroko keinu txikietan agertzen zenuen gizatasuna gurekin geratuko dira.
Gaur tristura sentitzen dugu, baina baita eskertza sakona ere: gure bidean parte hartu duzulako, gurekin lan egin duzulako eta gure komunitatea aberastu duzulako.
Haztegi Ikastolatik besarkadarik beroena bidali nahi diegu bere familiari, lagunei eta gertuko guztiei. Une zail hauetan gure maitasuna eta babesa helarazi nahi dizkiegu.
Zure argia gure artean bizirik mantenduko dugu.
Agur eta ohore, Jokin”.
Mendi korrikalari
Jokin Uribetxeberria oso ezaguna zen mendi lasterketen munduan. Iaz Korosti Trail probako antolatzaileek eta Gaztetxeak zaletasun horretaz hitz egiteko gonbidatu zuten mahai inguru batera, mendian korrika ere ibiltzen den Iñigo anaiarekin batera. GOIERRIKO HITZA-k eman zuen solasaldi haren berri, Jokinekin hitz eginda. Korrika egiten nola hasi zen azaldu zuen: «Umetatik izan dugu mendizaletasuna etxean, betidanik ikusi dugu etxean», baina gaztetxotan saskibaloia jokatzen hasi zen Andraitz klubean, eta 23-24 urtera arte ez zen hasi mendian korrika: «Korosti aldean lehenengo, gero Lakiolako buelta egiten genuen, Arrolara…». Laster iritsi ziren lasterketak. «2016an egin nuen lehenengo Behobia, eta hortxe hasiko nintzen mendian ere».
Ordutik, makina bat lasterketatan parte hartu zuen, eta besteak beste, bigarren egin zuen 2023an Euskal Herriko Ultra Kopan, eta hirugarren 2024an. Euskal Selekzioko kide ere izandakoa da.
Duela lau urte Tolosako Alpino Uzturre klubeko kide bihurtu zen, eta denboraldi berria ari zen prestatzen taldearekin. Azken lasterketa Asturiasen (Espainia) egin zuen, otsailaren 28an, Kangas Mountain.













