Bigarrenari heltzeko prest dira ordiziarrak
Bihar, 12:00etan, hasiko dira Santa Ana jaiak Ordizian, txupinazoarekin. Urko Ruiz de Apodakak, eta Azari, Txindoki eta Boxing elkarteek jaurtiko dute.
Erramun Amundarainek eta Larrunarri elkarteko kideek jaurti zuten iazko txupinazoa. Loinaz Agirre Pregoilari baten faltan, lau izango dira bihar eguerdian Ordiziako Santa Ana jaiei hasiera emango dietenak. Herriko hiru elkarte eta herritar batek izango dute udaletxeko balkoitik suziria sutzeko ohorea, eta udaletxeko balkoira aterarazita eskertuko die herriak bakoitzak era desinteresatuan bere esparrutik herriari egiten dion ekarpena.
Bi txupinazo jaurti dituzte dagoeneko, baina jaietako unerik jendetsuena bihar iritsiko da. Eguerdiko 12:00etan puntuan lehertuko da festa Plaza Nagusia jendez lepo dela, eta lau eguneko jai egitarau oparoari emango diote hasiera. Azken txupinazoa astelehenean jaurtiko dute, kuadrillen egunean, eta horrekin amaituko dira aurtengo jaiak.
Lau pregoilarietatik hiru urteurren esanguratsuak ospatzen ari diren elkarteak dira: Azari Ehiza eta Arrantza Elkarteak mende osoa bete du, Txindoki Atletismo taldea 50. urteurrenean gonbidatu dute pregoira, eta Boxing elkarteak 75. urteurrena du. Laugarren pregoilaria, berriz, herritarren bozkek aukeratu dute, eta Sugorri taldearen, San Joseko langileen eta Isidro Benitezen artean, Urko Ruiz de Apodaka izan da hautatua.
Helduen danborrada
Txupinazoaren eta Ordiziarrak gera gu abestia behin eta berriz abestu ondoren, buruhandi eta erraldoiekin batera kalez kale ibiliko dira ordiziarrak, Ordiziako txistulariek, trikitilariek eta Burrunbazale txarangak girotutako kalejiretan. Gauean, berriz, helduen danborrada izango da, Buztuntza auzotik hasi eta Plaza Nagusirainoko ibilbidea osatuta. Emozioz beteriko gaua izan ohi da ordiziarrentzat; horietako askorentzat jaietako gaurik bereziena. Larunbateko ekitaldi nagusia, berriz, 103. Ordiziako Klasikoa txirrindulari proba izango da. Hemeretzi talde izango dira aurten.
Goizaldeko danborrada
Uztailaren 25etik 26rako gauean, ohiko goizaldeko danborrada edo matutina egingo da. Udalak jakinarazi duenez, «matutina mozorro gauean zehar, anbulantzia zerbitzu berezia eskainiko da (Foruen pasealekuan frontoiaren kanpoaldean), gau horretan zehar izaten diren larrialdi arinei berehalako arreta emateko».
Jaietako bigarren soka dantza ere izango da igandean, udal agintariena, 12:15ean Plaza Nagusian, eta astelehenean, berriz, Santanazaleen eta Kuadrillen eguna baliatuta egingo dute hirugarrena, ohiko esku-dantzarekin. Aurtengoan hamabi bikote ezkonberrien parte-hartzea izango da. Itsasne Crehuet izango da aurreskua eta Izaro Garmendia atzeskua.
Segidan, kuadrillen txupinazoa eta irteera egingo dituzte, eta musika zein jai-giroa izango dira nagusi herriko kaleetan zehar. Gaua ere, hala, musikaz betea izango da, eta denetarik aurki ahal izango dute ordiziarrek: 22:30ean Puro Relajo izango da Garagartzan, Bazterretxea plazan Xaiborrekin disko festa, eta En Esenzia orkestarekin dantzaldia, azkenik, 00:30ean, Plaza Nagusian. Astelehenean agurtuko dituzte jaiak.
Elkarrekiko errespetua
Azken urteetan egin bezala, aurten ere indarkeria matxistaren aurkako prebentzio eta erantzun protokoloa aktibatu du udalak herriko eragileekin eta Koordinadora Feministarekin elkarlanean. Hala, informazio-karpak izango dira jaietan zehar «indarkeria sexistaren prebentziorako eta horren sentsibilizazioa lantzeko».
Azkenik, errespetua eskatu du: «Festak guztionak dira. Errespeta ditzagun ingurukoak, zaindu dezagun elkar eta ez dezagun onartu inolako eraso sexista, arrazista edo bestelakorik. Guztion ardura da Santa Ana jaiak seguruak izatea».












