Hotz Legazpi, "oso eskertuta" Kukuek egindako elkartasun azokarekin
Tabernan bezeroek ahaztuta utzitako arropa saldu zuten larunbatean, egun osoa iraun zuen festaz lagunduta.
Hotz Legazpi elkarteak mezu bat kaleratu du sare sozialetan joan den astean Kukue tabernak egindako azoka solidarioarengatik eskerrak emateko. Bertan saldutako arroparengatik bildutako dirua elkarteak jaso zuen, baita soberan geratutako arropa ere.
Honela dio mezuak: “Eskerrik asko Kukue taberna arropa salmenta azoka antolatzerakoan gutaz gogoratzeagatik. Eskerrik asko ekarpenak eta erosketak egin duzuenei. Geratu den arropa Donostiako Hiritarron harrera sarera eramango dugu. Bihotzez mila esker”.
Azoka eta egun osoko festa
Kukueko arduradunek azoka solidarioa antolatu zuten tabernan ahaztuta utzitako arroparekin eta herritarrek propio emandako arroparekin, eta lortutako dirua Hotz Legazpi elkarteari ematea erabaki zuten.
Azoka girotzeko, egun osoko festa ere antolatu zuten, DJ Woolen musika jartzeaz arduratuta. Jatekoa ere egon zen Atsegin-Zuia janari furgonetari esker, eta edaria taberna beraren kontua izan zen, duela gutxi jarritako rebujito, udako tinto eta bermut ‘kañero’ berriak estreinatuz.
Kukueko arduradunak “oso gustura” geratu ziren festa egunarekin, batez ere arratsalde partearekin, jende gehiago ibili zelako. Izan ere, goizean herrian “gauza asko zeuden, eta nabaritu genuen”. Hala ere, jendea “oso pozik” ibili zen Kukueko festan.













