Legazpiko gaztetxoak, Sorgintxulorekin
Aisialdi taldeak antolatutako kanpaldiak 53 partaide ditu aurten. Hortiguelan daude, eta hilaren 30ean itzuliko dira Legazpira.
Uztailaren 16an joanda, Legazpiko 53 gaztetxo Burgosko Hortiguela herrian (Espainia) daude, Sorgintxulo aisialdi taldeak antolatutako kanpaldian. Itzulera hilaren 30erako dute aurreikusita, eta ohi bezala, autobusetik jaitsi eta erdigunean egingo duten kalejira zaratatsuarekin amaituko dute abentura.
Tradizio handiko kanpaldia da Sorgintxulorena. Urteak daramatza aisialdi taldeak Legazpiko 12 eta 16 urte bitarteko gaztetxoentzako Euskal Herritik kanpo udako egonaldi hau antolatzen. Azken urteetan Hortiguelan izan dira, baina aurretik Gaztela eta Leongo beste herri batzuetan ere izan dira, baita Errioxan ere. Hamabost egun inguruko udalekuak dira, era askotako ekintzaz hornitutakoak, eta beti giro on eta euskaldunean burututakoak.
Begirale boluntarioak
Gaztetxoekin batera, begiraleak ere badaude Hortiguelan, aurten 20 inguru. Egonaldi osoa egingo dute batzuek, eta egun gutxi batzuk beste batzuek. Horiekin batera, bost sukaldari ere ari dira lanean, baina boluntario gisa.
Hain zuzen, denak dira boluntarioak, eta kanpaldian ez ezik, prestakuntza lanetan ere ordu asko sartzen dituzte, horrelako ekintza bat eskakizun maila handikoa delako, intendentzia eta material aldetik batez ere. Hori dela eta, egonaldia hasi baino egun batzuk lehenago joaten dira udalaren kamioarekin batera materiala eramatera, eta hasierako muntaketa lanak egitera.
Baina tramite administratiboak ere egin behar izaten dituzte, beste erkidego batean burutzen delako. Gainera, diru laguntzak ere eskatu behar izaten dituzte, eta Legazpiko Udalak ematen dietenarekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiarena ere jasotzen dute.
Kalejira eta festak
Hortiguelan dauden gazteei oraindik beste zazpi egun falta zaizkie itzultzeko, eta tarte horretan ez dute aspertzeko denborarik izango. Legazpira iristean, ohiko kalejira egingo dute, baina nondik abiatuko diren ez dakite oraindik, Aizkorri kaleko autobus geltokia obrengatik itxita dagoelako.
Abiatzen diren lekutik abiatuta, plazaraino joango dira begiraleez agurtzeko. Gauean, San Inazio auzoko festetan elkartuko dira berriz, eta han emango dute amaitutzat aurtengo kanpaldia.













