Txaston Dixie Band gaur kalejiran Legazpiko erdigunean
Uztakale programaren azken saioa da. Musikari tolosarrak 19:00etatik aurrera ibiliko dira kalean. Atzo, Trapu Zaharra taldeak kaleko antzerkiarekin bete zuen Laubide.
Txaston Dixie Band musika talde tolosarraren emanaldiak agurtuko du gaur aurtengo Uztakale programa. Musikariek kalejira egingo dute erdigunean, 19:00ak eta 21:00ak bitartean.
Tolosako taldea 2013 amaieran sortu zuten, Amerikako Estatu Batuetako New Orleans hiriko Dixieland estiloko kantu klasikoak berreskuratu, eta kalera ateratzeko asmoz. Horretarako erabiltzen dituzte helikoia, tronboia, saxo tenorra, saxo altua, klarinetea, gitarra-banjoa, bateria eta ahotsa. Tolosan&Blues jaialdian parte hartu zuen 2014. eta 2016. urteetan, eta kontzertu ugari eskaini dituzte Euskal Herriko hainbat plaza, taberna eta terrazatan.
Atzo, Trapu Zaharra azkenekoz Uztakalen
Uztakale programaren azken aurreko hitzorduan antzerkiaz gozatzeko aukera izan zuten legazpiarrek atzo Laubiden, eta bide batez, Legazpin azken urteetan behin baino gehiagotan gonbidatu izan den Trapu Zaharra taldeaz agurtzeko ere bai.
Trapu Zaharrak geldialdia egin zuen atzo arratsaldean Legazpin, 44 urteko ibilbideari agur esateko osatu duen Azkena, eta bagoaz lanarekin.













