Kubaren aldeko elkartasun jaialdia ospatuko dute bihar Legazpin
Nafarroa kalean izango da, eguerditik iluntzera bitartean. Kubako musika, janaria eta edaria izango dira protagonistak, elkartasunarekin batera. Legazpitik Argia Kubari egitasmoaren barruan kokatzen da festa.
Joan den astean Kubaren alde egindako manifestazioa, Legazpitik Argia Kubari egitasmoak deitutakoa.Tere Madinabeitia Kubaren aldeko festa eguna izango da biharkoa Legazpin. Herrialde horren egoeraz kezkatutako hainbat legazpiarrek martxan jarritako Legazpitik Argia Kubari egitasmoak jaialdi solidario bat antolatu du, eta bihar ospatuko dute, eguerditik iluntzera bitartean, Nafarroa kalean.
Kubako musika, janaria eta edaria eta festa giroa izango dira jaialdiaren ardatzak. Hala, Iñigo Arrazola eta Aitor Garitaonaindiaren bidez Silvio Rodriguez kantariaren doinuak ekarriko dituzte Legazpira, eta herrian bizi diren hainbat kubatarrek hango janaria prestatuko dute bazkaltzeko. Mojitoak ere izango dira edateko, eta Kubako produktuekin osatutako saski bat zozkatuko dute. Hori guztia, The Altolas taldeak girotuko du.
Baina musika eta gastronomiaz gain, elkartasuna ere izango da jaialdian. Izan ere, herrialde horrek bizi duten egoeraz kezkatutako hainbat legazpiarrek sortutako Legazpitik Argia Kubari egitasmoaren barruan antolatu dute, eta elkartasun helburua oso presente egongo da bertan.
Habanako William Soler ospitale pediatrikoa elektrifikatzeko dirua biltzea da helburua, «AEBko gobernuak Kuban duela 60 urtetik ezarrita duen blokeo ekonomikoa» salatzearekin batera.
Diru bilketa
Euskadi-Kubarekin elkartearekin koordinatuta ari dira lanean legazpiarrak, ospitalerako eguzki-energia fotovoltaikoa sortzen duten bi ekipo handi erosteko eta bertan instalatzeko, argi indarraren hornidura arazo larria delako han. Diru bilketa kanpainak aste batzuk daramatza martxan, eta jasotzen ari den erantzuna «oso garrantzitsua» da.
Orain arte, 5.600 euro jaso dituzte elkartasun bonuak salduta, eta Hotz Legazpi elkarteak eta herriko idazleek helburu berarekin saldutako tortilla pintxoekin eta liburuekin beste 305 euro lortu zituzten.
EGITARAUA
12:30: Kontzertu akustikoak. Iñigo Arrazola eta Aitor Garitaonaindiarekin, Silvio Rodriguez gurean.
14:00: Janari kubatarrarekin bazkaria, The Altolas taldeak girotuta.
Zozketa: Produktu kubatarrez osatutako saski bat zozkatuko da.
Edariak: Mojitoak egongo dira.













