Uztakale amaitu da
Datorren astean ospatuko diren San Ignazio jaien faltan, Legazpiko kale eta plazak kultur eta aisialdi jardueraz betetzen dituen programazioaren azken saioa atzokoa izan zen. Txaston Dixie Band taldeak kontzertua egin zuen Kale Nagusian.
San Ignazio auzoko jaiak falta dira oraindik programazioa erabat ixteko, baina atzokoa izan zen aurtengo Uztakaleren azken jarduera. Tolosako Txaston Dixie Band taldeak kontzertua egin zuen Kale Nagusian, eta horrela amaitu zen uztaileko arratsaldeetan Legazpiko kaleak eta plazak kultur eta aisialdi jardueraz betetzen dituen programazioa, udalak eta herriko kultur eragileek elkarrekin antolatutakoa.
Uztailaren 3an abiatu zen aurtengo Uztakale, eta atzora arte, era askotako ekitaldiak eskaini dizkie legazpiarrei: haurrentzako jolasak eta jarduerak, musika, antzerkia, bertsoa, zinema, dantza, ikus-entzunezkoak eta festak. Ia urtero bezala, eguraldiak eraginda aldaketak izan dituzte programatutako hainbat ekitaldik, baina aurten, erruduna euria izan beharrean, eguzkia eta beroa izan dira. Hala ere, harrera bikaina izan dute guztiek.
Orain, San Ignazio jaiak falta dira. Uztailaren 30ean eta 31n eta abuztuaren 1ean ospatuko dira aurten.













