Aterpean ospatu da aurtengo kulturen arteko eguna
Eguraldiak baldintzatu zuen larunbatean Legazpin bizi diren kanpoko jatorriko herritarren topaketak, eta Azokan eta Urbeltz pilotalekuan ospatu zen festa.
Azokan eta Urbeltz pilotalekuan ospatu da aurten Legazpiko Kulturen arteko eguna. Eguraldiak derrigortuta, gastronomia eta artisautza postuak eta topaketa horren aitzakian antolatutako dantza eta musika saioak eta ikastaro eta tailerrak aterpera eraman zituzten antolatzaileek. Festa honetako berritasuna izan behar zuen desfilea ere bertan behera geratu zen eguraldiagatik.
Baina aterpean izanda ere, larunbat goizerako antolatutako festak ez zuen erakargarritasunik galdu, eta herritar ugari biltzea lortu zuen, kanpoko jatorria duten legazpiarren kulturek eta ohiturek deituta.
Hotz Legazpi elkarteak eta udalak antolatuta, aurtengoarekin hirugarren edizioa bete du Kulturen arteko egun honek. Aurten hamabost herrialdetako ordezkarien partaidetza izan du: Errumania, Kosta Rica, Kuba, Senegal, Nikaragua, Nigeria, Venezuela, Euskal Herria, Peru, Kolonbia, Argentina, Honduras, Mendebaldeko Sahara, Maroko eta Pakistan.














