Gorka Gomezek irabazi du Ikatzaren argazki rallya
Gurutze Langarika izan da bigarrena, Simon Rodriguez hirugarrena, eta herriko saria Rafa Garciak irabazi du. Ostiralean egin zuten sari banaketa ekitaldia, eta erakusketa bat ere inauguratu zuten Ikatzako hainbat kidek.
Eric Galvez alkatea, Gurutze Langarika bigarren sailkatua, Gorka Gomez irabazlea, Miryam Galilea zinegotzia, Simon Rodriguez hirugarren sailkatua eta Jose Venegas, Rafa Garcia legazpiarra ordezkatuz. Ikatza Bi legazpiarrek irabazi dituzte lehenengo bi sariak Ikatzaren aurtengo argazki rallyan. Gorka Gomez izan da lehenengoa, eta Gurutze Langarika bigarrena. Hirugarren saria Bizkaiko Simon Rodriguezentzat izan zen, eta herriko saria Rafa Garciak jaso zuen. Sari banaketa ekitaldia joan den ostiralean egin zuten, Kultur Etxean, Eric Galvez alkatea eta Miryam Galilea kultur zinegotzia bertan zirela.
Ikatzaren argazki rallya, Batis Goikoetxearen izena daramana, joan den irailaren 13an egin zuten, leku askotako 68 argazkilariren partaidetzarekin. Partaide guzti horiek aurkeztutako lanen proiekzioa egin zuten sariak banatu aurretik.
Argazki erakusketa
Sari banaketa ekitaldi honekin batera, argazki erakusketa ere ireki zuten Kultur Etxean. Horretan, Ikatza elkarteko partaide diren Iosu Garai, Miguel Angel Perez, Gurutze Langarika, Jesus Alonso eta Jose Venegas herritarrek egindako argazkiak daude ikusgai.
Erakusketa urriaren 30era arte egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera 17:00etatik 20:00etara.













