Kooperatibismoak ere badu lekua Legazpiko Fabrikan
Lenbur Fundazioak antolatuta, euskal kooperatibismoaren sortzaile izan zen Jesus Maria Arizmendiarretari buruzko erakusketa dago ikusgai museo horretan, azaroaren 1era arte.
Euskal Herriko industrializazioaren bilakaera azaltzen duen Fabrika museoak kooperatibismoari ere lekua egin dio. Joan den ostiraletik eta azaroaren 1era arte, Jose Maria Arizmendiarreta, euskal kooperatibismoaren hastapenak izenburuko erakusketa dago ikusgai bertan, Lenbur Fundazioak antolatuta.
Erakusketa asteburuetan egongo da zabalik: ostiraletan 18:00etatik 20:00etara, larunbatetan 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:00etara, eta igandeetan 11:30etik 13:30era. Sarrera dohainik da.
Jose Maria Arizmendiarrieta (1915-1976), Mondragon kooperatiba-mugimenduaren sustatzailearen pentsamenduari eta obrari buruzko erakusketa hau joan den ostiralean aurkeztu zuten. Ekitaldian, Lenbur Fundazioako Agurtzane Elustondo eta Olatz Conde eta udal zinegotzi Amaia Aizpuruaren batera, Ander Etxeberria Mondragon taldeko Hedapen Kooperatiboko zuzendaria, Amaia Agirre Fagor taldeko idazkari nagusia, Jesus Mari Arizmendiarreta Jose Maria Arizmendiarretaren iloba, Javier Sotil Mondragon korporazioko zuzendari ohia, Javier Marcos Mondragon korporazioko komunikazioaren zuzendaria eta aurtengo maiatzera arte Fagor taldeko lehendakaria izandako Joxean Alustiza izan ziren.
Olatz Condek azaldu zuenez, “Fabrika euskal industrializazioari eskainita dagoen espazioa da, eta makinetan baino gehiago, pertsonengan jartzen dugu bertan arreta nagusia, izan Patrizio Etxeberria enpresaria, izan Nicanor Gutierrez labezaina, edo izan ekonomatuko Elvira. Legazpiko pertsonak dira, Legazpiko istorioak… baina Euskal Herri osora zabaldu daitezkeenak”. Baina Euskal Herriko industrializazioaren historia horretan “kooperatibismoa falta zen, eta aurten lekua egin diogu”.
Condek gaurko kooperatibaren munduko jendearen laguntza aipatu eta eskertu zuen, “testuak osatzeko, argazkiak lortzeko…”, baita Arizmendiarreta beraren familiarena ere, “haren txikitako eta heldutako bitxikeriak kontatu dizkiguna”.
ARGAZKIAK: Lenbur Fundazioa eta Agustin Zubeldia














