Ardanbidetako erromeria ospatuko da igandean
Kimu-Berri elkarteko kideek udalarekin batera antolatuta, festa giroa izango da egun osoan aterpearen inguruan. Autobusa egongo da Laubidetik.
Ardanbidetako erromeriaren eguna izango da igande hau, hilak 25, eta Kimu berri elkarteak antolatuta, festak eta kirol jarduerek hartuko dute aterpetxe horren inguruko zelaia. Egun osorako ekintzak prestatu ditu elkarteak, baita bazkaria ere, eta musika jartzeaz trikitilariak arduratuko dira. Gainera, autobus zerbitzua izango da Laubideko biribilgunetik, goiz eta arratsaldez, 10:00etatik aurrera.
Erromeria eguna goizean goiz hasiko da, eta Izadi Zaleak mendi elkartearekin batera, Kimu-berri aterpearen ingurura oinez igotzeko deia egin dute. Hitzordua 09:00etan izango da, Laubideko biribilgunean.
Goian, aterpean, salda eta txorixoa banatuko dute 10:00etatik aurrera borondatearen truke, eta haurrentzako eta helduentzako arku tiro saioak eta zaldi paseoak hasiko dira ondoren. Eguerdian haurrentzako jolasak eta erronka herrikoia hasiko dira. Horiek amaitzean, toka txapelketari emango diote hasiera. Bertan bazkaltzeko aukera ere izango da, babarrun jana hain zuzen, eta festak bazkalondoan jarraituko du, 16:00etan sokatira «mundiala» hasi arte.
Erromeria hau urteetan Zingi Zango euskara elkarteak Agorreko Santikutzetan antolatzen zuen festaren ondorengoa da. Elkartea desegin zenean, Kimu-berri aterpea kudeatzen dutenek hartu zuten erreleboa, eta urriko azken igandean hasi ziren antolatzen duela urte gutxi.













