Klima azoka egingo dute ostegunean Laubiden
Goizean ikasleei zuzenduta egongo da batez ere, eta arratsaldean herritar guztientzat izango da. Zazpi karpa tematikoz osatuta dago, eta klima aldaketaren kontzeptu nagusiak modu praktiko eta dibertigarrian hurbiltzeko diseinatuta daude.
Legazpiko Udalak bat egin du urriaren 16tik 25era antolatutako Asteklima, Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astearekin. Herritarrak klima-aldaketaren aurrean mobilizatzea eta trantsizio energetiko justu baterantz aurrera egitea helburu duen ekimena da Asteklima.
Horren barruan, klima azoka prestatu du etzirako, urriak 22. Esperientzia interaktiboa eta parte hartzailea da, pertsonei klima aldaketaren kontzeptu nagusiak modu praktiko eta dibertigarrian hurbiltzeko diseinatua. Zazpi karpa tematikoz osatuta dago, eta horien bidez, bisitariek klima aldaketaren ondorioei buruz ikasi ahal izango dute, eta etxetik, eguneroko mugikortasunean, kontsumoan edo aisialdian etorkizun iraunkorrago batean nola lagundu ikasiko dute.
Laubideko oinezkoen gunean egongo da kokatuta klima azoka hau, eta goizean, Olamendi eta Haztegi ikastolako ikasleentzat egongo da irekita bereziki. Tipi Tapako kideak ere bisitan joango dira.
Arratsaldean, herritar guztientzat egongo da zabalik, 16:00etatik 18:00ak arte. Aurten, EVE Energiaren Euskal Erakundeak energiaren inguruko proposamenak ekarriko ditu. Alde batetik, energiaren inguruko dinamika bat eskainiko du, eta bestetik, pantaila ukigarri bat ere jarriko du, bisitariek energia kontsumoari buruzko datuak eta informazioa kontsultatzeko.
Gainera, 17:30etik 18:30era, energiari buruzko hitzaldi laburrak eskainiko dituzte, energia berriztagarrien eta trantsizio energetikoaren inguruko azken berriak eta joerak azaltzeko.













