Bost argazkilari, bost estilo eta bost gai
Iosu Garai, Miguel Angel Perez, Gurutze Langarika, Jesus Alonso eta Jose Venegas argazkilariek erakusketa kolektiboa dute ikusgai Legazpiko Kultur Etxean. Bostak Ikatza elkarteko kideak dira.
Jose Venegas, Gurutze Langarika eta Iosu Garai, Kultur Etxeko erakusketa gelan.Ikatza Ikatza elkarteko Iosu Garai Ibabe, Miguel Angel Perez Herrero, Gurutze Langarika Urbitarte, Jesus Alonso Arranz eta Jose Venegas Flores argazkilariek erakusketa dute ikusgai Kultur Etxean, joan den ostiraletik. Erakusketa urriaren 30era arte egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara.
Erakusketa honen ideia duela bi urte sortu zela azaldu du Gurutze Langarika Ikatzako lehendakariak: «Duela bi urteko elkartearen batzar orokorrean erabaki genuen bazkideon erakusketa kolektibo bat egitea, eta deialdia eginda, bost bakarrik agertu ginen prest. Kostatu zaigu ideia gauzatzea, baina hemen dago emaitza».
Argazki pertsonalak direla dio, «artistikoak, autore argazkiak». Bakoitzak sei argazkiko serie bat osatu du, eta kalitate altuan inprimatuta, berriki margotu duten Kultur Etxeko erakusketa aretoko hormetan eskegi dituzte; «dotore geratu da». Egiten duten lana erakusteko eta ezagutzera emateko modua dela nabarmendu du.
Lan hori Legazpin baino lehen, Elgoibarren erakutsi dute irailean, Kultur Kafean. Gero, Urretxura, Zumarragara eta Donostiara eramango dute erakusketa.
Bost argazkilari, bost gai

Langarika «sormenaren zale amorratua» da. Teknika eta estetika konbinatuz, eta kameraren mugimendua erabiliz, estilo piktorikoaren antzekoa lortu nahi du. Emakumeak etxe gorriaren aurretik pasatzen gaia aukeratu du.

Iosu Garairen gaia, berriz, Antsietatea da. «Natura eta bidaien maitalea» da, eta bi arlo horiekin lotuta dago bere lana. Argazkiak errealismotik abstrakziora lantzen ditu, « esperimentazioaren eskutik» inpresionismoa, erromantizismoa, minimalismoa bezalako estilo piktorikoak landuz.

Jesus Alonsok naturari eskaini dio erakusketa. «Naturari egindako argazkietan kameran nahita egindako mugimenduaren edertasuna eta indarra» helaraztea da bere helburua.

Jose Venegasek «momentuen argazkiak ateratzea» du gustuko, eta «edozein motatako argazkiak ateratzen dituen argazkilaria» da. Erakusketan Bizitza hemendik igaro zen eta bere forma lurrean utzi zuen» gaia landu du.

Miguel Angel Perez natur argazkilaria da, eta txoriak dira bere «pasioa». Bizitzaren eta heriotzaren artean izenburua harri dio bere argazki sortari.












