Hilerrirako lore eta mizpira artean gaurko ferian
Azanza hasi da azaroaren 1erako enkarguak jasotzen, Plaza Nagusira berritasun ugari iritsi diren bitartean.
Azaroaren 1aren gertutasunak markatutako feria izan da gaurkoa Ordizian. Hamar egun besterik ez dira falta hilerrikoak bisitatzera joateko egunerako, eta hara eramateko lore eskaintza zabaldu du dagoeneko Iñaki Azanzak. Gaur enkarguak jasotzeko eguna izan da batez ere, baina datorren astean ere eskainiko du horretarako aukera, baita bertan erosteko ere.
Azanzak hilerrirako duen eskaintza lore eta landare biziz bakarrik dago osatuta. Solte saltzen ditu lore batzuk, ziklamena, azalea edo txilarra bezala, baina propio prestatutako terrinetan ere bai: krisantemoa (30 eta 38 euro artan), ziklamenekin egindakoak (38 euro) eta mistoak (45 eta 55 euro artean). Konbinazio bereziak egiteko ere prest dago, bezeroak aukeratutako loreekin, eta horien araberako prezioekin.
Mizpirak eta aza kontuak
Hilerrirako loreez gain, izan dira berritasun gehiago ere gaur. Mizpira izan da horietako bat, Altzagako Arantxa Lopetegiren postuan salgai egon dena, kiloa 3 euroan.
Azalore berriak ere iritsi dira. Ibarrako Esther Illarramendik izan ditu salgai, pieza 2 eta 2,5 euro artean. Eta lehen brokoliak ere ikusi dira, Gabiriako Anttoni Murgiondoren postuan, bakoitza 5 euroan. Azaren familiako tatsoi hostoak ere aurkeztu ditu goizean Sustrai Askeak elkarteko Natalia Magallenesek; azaldu duenez, ziazerbak bezala prestatuta jateko egokiak dira, baita gordinik ere. 200 gramoko sortak jarri ditu salgai, 2,20 euroan.
Mielatoa eta perretxiko beltzak
Bestalde, ezti mota berri bat aurkeztu du Jon Etxeberriak, mielatoa. Etxeberriak azaldu du ametzaren izerdiea dela ezti mota honen erleen iturria, eta ez loreen polena, eta aurten beste urteetan baino gozoagoa dagoela ere bai. Kiloa 16 euroan du salgai, gainerako eztiak bezala. Mielatoarekin batera, ezkaia eta erromero eztia, akazia eztia, mila lorea eta Nafarroako udako mila lorea ere baditu aukeran, kiloa 16 euroan horiek ere. Datozen asteetan mota gehiago ekarriko dituela ere aurreratu du.
Perretxikoak, azkenik, ugaritzen ari dira, batez ere onddoak; ferian zebilen batek esan duenez, «onddoak baino perretxikozale gehiago dago azken egunetan basoan». Ferian ere izan dira aukeran inguruko basoetan bildutako onddoak, eta horiek eta Barcinak eta Lasak salgai jarritakoak batuta, guztira 170 kilo eskaini dira, kiloa 15 eta 38 euro artean. 18 kilo ziza hori (22-24 euro), 15 kilo mendiko angula (33 euro) eta 10 kilo niskalo ere eskaini dituzte (28 euro). Eta Lasak, gainera, saltsa perretxiko beltzak aurkeztu ditu; sei kilo jarri ditu salgai, kiloa 37 euroan.
Bisitak ere izan dira gaur, ehun inguru gaztetxo. Irungo Txingudi herri eskolako ikasleak zirena, eta Plaza Nagusiko postuetan zehar ibili dira informazio eske eta erosketak egiten, D’Elikatuz zentroko gidarien eskutik.




















