Lan munduari eskainita, beste bi horma irudi erraldoi Legazpin
Udalaren eskariz Deltadec enpresa iruindarrak egin ditu. Urola kaleko industrialdearen sarreran daude kokatuta. Aurretik Kale Nagusian eta Azokan egon dituzte bana, eta kiroldegian hasi dira lanean hurrengoarekin.
Legazpik bi horma irudi berri ditu. Iruñeko Deltadec enpresak aste honetan amaitu ditu Urola kaleko industrialdearen sarreran, bi alboetako paretetan, margotutako lanak. Herriko lan mundiari daude eskainita; batek lantegietako garai bateko langileen irteera jendetsuak irudikatzen ditu, eta besteak, Eduardo Txillidak Patrizio Etxeberriaren lantegian bertako langileekin egindako Haizearen orrazia eskultura.
Udalaren eskariz egindako horma irudiak dira, eta hauek, hirugarren proiektua osatzen dute. Lehena abuztuan zehar margotu zuten artista iruindarrek Kale Nagusian, Mirandaolako burdinola irudikatuz. Bigarren proiektua Azokako horman gauzatu zuten, hori baserri munduari eskainita.
Lan arloari eskainitako hirugarren proiektu hau amaituta, Deltadec enpresako kideak Bikuña kiroldegira lekuz aldatu da, laugarren lanari ekiteko.














