345 txirrindulari Ormaiztegiko 54. Nazioarteko Ziklo Krosean
Ostegun arratsaldean egin zuten Ormaiztegiko proba mitikoaren aurkezpen ekitaldia. Ion eta Gorka Izagirrek —txirrindularia eta probaren antolatzailea— parte hartu zuten aurkezpenean.
Unai Galarraga, Aitor Atorrasagasti, Ion Izagirre, Jon Enrike Galarza eta Gorka Izagirre atzoko aurkezpen ekitaldian. Arnaitz Rubio Bi egunen faltan, dena prest dute Ormaiztegin 54. Nazioarteko Ziklo Krosari heltzeko. Ostegun arratsaldean egin zuten probaren aurkezpen ofiziala Ormaiztegiko kultur etxeko areto nagusian. Aurkezpenean parte hartu zuten Unai Galagarraga eta Gorka Izagirrek talde antolatzailearen ordezkari gisa; Aitor Atorrasagastik, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioaren izenean eta Jon Enrike, Ormaiztegiko alkateak.
54. edizio honetarako 345 txirrindularik eman dute parte hartzeko izena, maila ezberdinetan. Parte hartzaileen artean, Yorben Lauryssen edo Kenay de Moyer belgikarren izenak azpimarratu zituzten antolatzaileek. Emakumezkoetan Lea Stern suitzarra edo Adele Hurteloup frantziarra ere aipatu zituzten.
Ibilbideari dagokionean, iaz egindako aldaketak mantenduko dituzte eta txirrindulariek herri gunea zeharkatuko dute berriz. Hala ere, bizikletak aldatzeko gunen aldaketa batzuk aurreikusi dituzte eta horrek ibilbidean eragina izango du.
Bizikletaren festa
Aurtengo edizioan txapelketan bigarren maila batean geratuko da, Lur Zufiria eta Ion Izagirre herri txirrinndulariei eta Pello Bilbaori omenaldia izango baita igandeko une nagusi eta hunkigarrienetako bat.













