Ludoteka bat, legazpiar guztientzat
Buskabaso elkarteak sustatuta, San Inazioko eskola zaharretan dago kokatuta zerbitzua. Momentuz asteazken arratsaldeetan irekitzen dizkiete ateak nahi duten herritar guztiei.
San Ignazio, San Martin eta San Jose auzoetako Buskabaso elkartearen berpizkundeak zerbitzu berri bat ekarri die legazpiarrei: ludoteka bat. Buskabasok San Ignazioko eskola zaharretan duen egoitzan dago kokatuta, eta joan den astean egindako ate irekien saioren ondoren, martxan dago herri osoko haurrentzako eta familientzako.
Urte batzuetako etenaldiaren ondoren Buskabaso elkartea berriz lanean hasi zenean, zuzendaritza berriko lehen batzarrean hainbat proiektu jarri zituzten mahai gainean, Haritz Artzelus elkarteko lehendakariak gogoratu duenez, eta horietako bat zen azken aldian biltegi gisa bakarrik erabiltzen zen lokala txukuntzea eta herritarrei irekitzea. «Elkartearen lanaren ardatzetako batzuk integrazioa eta harrobia sortuz elkartea beraren oinarriak sendotzea direnez, ludoteka bat egitea pentsatu genuen», herri guztiari zerbitzua emateko.
Lankidetzan oinarrituta
Pentsatu, eta egin. Elkarteko kideek inguruko familien eta bizilagunen laguntza izan dute lokala egokitzeko lanetan, baita beste elkarte batzuen bultzada ere. Ludoteka altzariz eta materialez betetzeko, gainera, ez dute arazorik izan: «Olamendi eskolak hainbat material eman digu, Gironako DMJ Drums enpresak txalaparta txiki bat egin eta oparitu digu, Lenburrek argazkiak utzi dizkigu, Apatxo liburu dendak materiala eman digu, herritar askoko liburuak eta jostailuak ekarri dituzte…». Dena dela, material gehiago ere behar dute, eta dohaintzetarako irekita daude.
Buskabaso oso eskertuta dago proiektu hau gauzatzeko jaso duren laguntzarekin, eta egindako lanaren emaitzarekin. «Proiektua errealitate bihurtu ahal izan da bere aletxoa jarri duten pertsona guztiei esker, pertsona horien laguntasunari, eskuzabaltasunari eta ilusioari esker zehazki. Laguntza bakoitzak, ekarpen bakoitzak eta elkartasun keinu bakoitzak posible egin du guztion eta guztientzako gune honen sorrera».
Guztien artean hilabete gutxitan egindako lanaren ondoren, joan den asteko asteazkenean ireki zuten ofizialki ludoteka.
Asteazkenetan irekita
Zerbitzu berri hau herriko haur eta familia guztientzako da. Txoko desberdinetan dago antolatuta: ume txikienentzako jolasak, era askoko liburuak, adin desberdinetako jendearentzako mahai jokoak, musika tresnak… Bilerak eta tailerrak edo ikastaroak egiteko espazio bat ere badu lokalak.
Ludotekak poliki eman nahi ditu lehen pausoak, eta momentuz, astean behin egongo da irekita, asteazkenetan 17:00etatik 20:00etara.
Baina aurrerago ordutegia zabaltzeko asmoa dute, eta proiektu berriei irekiko dizkie ateak, zerbitzua bera osatzen joateko. Horretarako dirua behar dute, lokalaren mantentze gastuetarako eta asegururako bezala, eta hori lortzeko, besteak beste, Gabonetako loteria salduko dute Buskabasoko kideek.














