Munduko Txapelketako eskuzko finalak, gaur, hiru goierritarrekin
Esku-huska, banaka zein binaka, Espainiaren aurka jokatuko du euskal selekzioak. 19:00etatik aurrera izango dira finalak.
Beñat Garmendia, Beñat Azketa eta Ekhi Irribarria, Argentinan.EEPF Munduko Euskal Pilota Txapelketa amaierara iristen ari da. Euskal pilotaren txapelketa gorenean, lehen aldiz ari da euskal selekzioa parte hartzen, Argentinan, eta emaitza bikainak lortzen ari da, hainbat domina lortu baititu jada. Gaur, Euskal Herriko 19:00etatik aurrera (ETB ON-en emango dute), esku-huskako finalak jokatuko ditu, banaka zein binaka, bietan Espainiaren aurka. Hiru goierritar daude euskal selekzioaren ordezkari eskuzko taldean.
Banakako finala izango da aurrena. Gaizka Carregal galdakoztarra eta Ekhi Irribarria (Arama, 2005) dira esku-huskako banakako ordezkariak. Finalera iristeko, Frantzia izan zuten aurkari lehen partidan; Irribarriak jokatu zuen, eta 10-3 eta 10-1 irabazi zion Itoizi. Aramarrak azaldu duenez, «jokatzen gustura» aritu zen: «Tentsio handikoa izan zen, baina gustura, nahikoa konfiantzarekin irabazteko». Bigarren partidan Carregalek jokatu zuen, eta Mexikoko Hernandezi nagusitu zitzaion, 10-4 eta 10-3. Finalerako txartela ziurtatuta, Espainiaren aurka jokatu zuen euskal selekzioak ligaxkako hirugarren partida. Carregalek jokatu eta Arribillaga eta Fernandezen aurka (ordezkoak ere jokatu zuen) galdu egin zuen, 10-3, 4-10 eta 10-5. Gaur izango da egun handia, urrea kolkoratzekoa. «Final zaila» aurreikusi du aramarrak, baina aukerak ere badituztela argi du: «Gure jokoa eginez gero eta nerbioak ondo kudeatuz gero, irabazi dezakegun partida bat da. Ondo ikusten dugu gure burua».
«Gure jokoa eginez gero eta nerbioak ondo kudeatuz gero, irabazi dezakegun partida bat da»
Ekhi Irribarria. Pilotaria
Hirugarrena, elkarrekin
Binakakoan, Beñat Azketa (Beasain, 1993) eta Eñaut Lizeaga astigarragarra aurrelariak eta Beñat Garmendia (Beasain, 1997) eta Oier Elorz zaratamarra atzelariak dira selekzioko ordezkariak. Ligaxkako lehen partidan, Lizeagak eta Garmendiak Mexikoko Guero eta Kevini 10-3 eta 10-4 irabazi zieten. Garmendiak esan duenez, «hasieran tentsioarekin» irten zen kantxara, «baina martxa hartu eta txukun» aritu ziren. Bigarren partidan, Azketak eta Elorzek Frantziako Harguindeguy, Mendy eta Iturbe (aldaketak) 10-0 eta 10-2 hartu zituzten mendean. «Oso gustura» aritu zen Azketa: «Faborito ginen eta espero genuen irabaztea, baina uste baino askoz errazago, gu oso ondo ibili ginen eta haiek ez zuten haien egunik onena eduki».
«Haiek apur bat faborito izan arren, edozeinek jokatzen duela ere aukerak dauzkagu urrea irabazteko»
Beñat Azketa. Pilotaria
Finalera sailkatuta, Espainia izan zuten aurkari hirugarren partidan. «Entrenamendu modura» hartu zuten, finalera begira. Bi goierritarrek jokatu zuten, eta 10-7 eta 10-6 irabazi zuten Igoa eta Cuairanen aurka. Probak alboratuta, gaur izango dute final handia. Oraindik ez dute zehaztu nork jokatuko duen, baina dena dela ere, Azketaren esanetan «final zaila baina nahiko parekatua» izatea aurreikusi dute: «Sentsazioak onak dira, eta haiek apur bat faborito izan arren, edozeinek jokatzen duela ere aukerak dauzkagu urrea irabazteko». Garmendiak azaldu du «lehendik ere aurreikusten zen final bat» dela Espainiaren aurkakoa: «Normalena hau zen eta final oso gogorra edukiko dugu».
«Normalena hau zen [Euskadi-Espainia finala] eta final oso gogorra edukiko dugu»
Beñat Garmendia. Pilotaria
Babesa ematen
Irribarria, Azketa zein Garmendia, esperientzia «emozionantea eta ederra» bizitzen ari dira Argentinan Munduko Euskal Pilota Txapelketarekin. Euskal selekzio osoaren artean giro ederra dagoela azaldu dute, eta frontoian ordu asko ematen dituztela modalitate bateko zein besteko kideei babesa ematen, izan xarea, zesta edo pala. Euskal selekzioak txapelketa horretan duen lehen ordezkaritza ofizialean ordezkari dira goierritarrak, eta gaurko finalak irabaziz gero, amaiera bikaina emango diote lorpen horri.













