Euskorleans Ordiziarrocken giroa jartzen dagoeneko
Eguerditik gauera arte Ordiziako kaleetan barrena talde eta proposamen ezberdinak ibiliko dira Ordiziarrocken formatu berrian.
Euskorleans Ordiziarrock girotzen.Manex Usarralde Ordiziarrock jaialdia lehenengo aldiz egun bakar batean ospatzen ari dira. Euskorleans ari da dagoeneko herria girotzen. Gainera, eguzkia oraingoz laguntzen ari zaie jaialdiaren formatu berriaren estreinaldian.
Aurreko edizioetan pilotalekua izan da jaialdiaren erdigunea. Aurten, ordea, alde zaharreko kaleetan barrena sakabanatuta ibiliko dira taldeak. Euskorleansek erakusten du aurtengo formatuaren norabidea. Euskal kantu eta dantza tradizionalak New Orleans estiloko brass band musikarekin uztartzen dituen kale ikuskizun ibiltaria da.
Musikaz harago, dantza ere kalera aterako dute. Izan ere, 19:00etan hasita, Street Dantz dantza-ikuskizunak hartuko du Plaza Nagusia, eta bizikleta gainean mugitzen den La Dinamo funk musika talde kataluniarraren txanda izango da ondoren. 22:00etan, berriz, Zo-Zongo taldearen Psycho Clown kale-ikuskizuna izango da alde zaharrean, perkusioa, piroteknia eta antzerkia uztartzen dituena. Sakatu elektrotxarangak hartuko du jarraian lekukoa, eta Dj Necoraren saioak emango dio amaiera ekimenari.












