36ko gerrako fusilatuak omenduko dituzte larunbatean Ormaiztegin
Ormaiztegiarrok ezin degu ahaztu lelopean, 36ko gerrak herrian eragindako gertakarien memoria historikoa berreskuratu, eta biktimei omenaldia egiteko ekitaldia prestatu dute larunbaterako.
Ormaiztegiko Udalak jakinarazi duenez, «Francoren altxamendu faxistarekin lehertu zen gerraren ondorioz, ormaiztegiar asko biktima bihurtu ziren». Eta herritar horiek, bizitza osoan zehar euren sufrimendua isilpean gorde dutela gogorarazi du. Horregatik, beraien sufrimendua aitortzea eta benetan geratu zena kontatzea eta salatzea dira gaur, «lor dezaketen ordain bakarra».
Larunbateko ekitaldia osoko bilkura batekin hasiko dute udaletxean, 11:00etan. Gerra hark herrian izan dituen ondorioen memoria historikoari buruzko eta Francori Ohorezko Alkate izendapena erretiratzeari buruzko mozioa onartuko dute.
Elixabete Garmendiak 36ko gerra Ormaiztegin liburua aurkeztuko du 11:30ean. Gerra hura bizi izan zuten herritarren testigantzak jaso ditu idazleak. 36ko gerran fusilatu zituzten herritarrei omenaldia egingo zaie, 12:30ean. Ekitaldi honetan beraien omenez egindako oroigarriaren aurkezpena ere egingo dute. Omenaldia Zubi-handiaren azpian egingo dutela aurreratu dute udaletxetik.