Isidro Baztarrika ataundarrari buruz ikus-entzunezkoa egin dute ilobek
Euskalgintzan eta idazlaritzan lehen lerroko egile izan zen Isidro Baztarrika Munduateren bizitza eta lana DVD batean jaso dute. Fraide beneditar ataundarraren ilobek —Arin eta Baztarrika familietakoak— osatu dute ikus-entzunezkoa, ordu eta erdi inguruko iraupenekoa, Txema Zubizarretaren muntaia-laguntzarekin. Aita Isidroren figura garrantzitsua izan zen 1960eko hamarkadan, bai euskalaritzan, bai hizkuntzaren eta kulturaren sustapenean.
Ataungo Arbotoneta baserrian jaioa 1931n, bederatzi urterekin sartu zuten Beneditarren komentuan, Lazkaon. 1963an Estibalizera destinatu zuten, hango buru izendatuz. Gau eskoletan eta euskara irakaskuntzan murgildu zen 1959an. Gasteizen, ikastolaren sorreran ere ibili zen. 1965ean euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta 1968an euskara batuari buruzko Euskaltzaindiaren batzarretan parte hartu zuen, Arantzazun. h-a sartzearen aldeko zen.
Idazle gisa, zati handiena lan liturgikoek osatzen dute. Jaunaren deia aldizkari teologikoaren zuzendari ere izan zen 1970-73 tartean. Bertsozalea ere bazen; Estibalizen bertso jaialdiren bat antolatzera iritsi zen. 1992an hil zen, 61 urtera bidean zela, hezurretako minbiziarekin.
Baztarrikaren pertsona —umila eta xumea zela gogoratu dute ilobek—, egin zuen lana, euskararen aldeko ekimena eta landu zituen harremanak berreskuratu dituzte orain. DVDa ostiralean (maiatzak 8) aurkeztuko dute, 19:00etan, Ataungo udaletxean. Biharamunean, larunbatean, 18:30ean ikusi ahalko da, osorik, Ataungo Herri Zineman.