Ehunmilak antolakuntzako kideetako bat da Mikel Valdivielso. Ekaitzaren ondorioz, Ehunmilak eta Goierriko Bi Handiak lasterketak bertan behera uzteko erabakia hartu behar izan dute.Zein momentutan erabaki zenuten G2H eta Ehunmilak probak bertan behera ...
Ehunmilak antolakuntzako kideetako bat da Mikel Valdivielso
Valdi. Ekaitzaren ondorioz, Ehunmilak eta Goierriko Bi Handiak lasterketak bertan behera uzteko erabakia hartu behar izan dute.
Zein momentutan erabaki zenuten G2H eta Ehunmilak probak bertan behera uztea?
Badakigu horrelakoak edozein urtetan gertatu daitezkeela, eta gertatzen direnean ondo erantzuten jakin behar da. Gure buruan aukera hori oso erreala zen. Bagenekien gure mugak non zeuden, eta muga Aralar zen. Horretaz gain, ekaitzak uste baino askoz ere bortitzagoak izan ziren, egoera asko-asko-asko okertu zen. Bagenekien erokeria zela Aralarren sartzea. Bide alternatiboak ere markatuta genituen baina ez zen irtenbidea; Aralar goiko partea libratuko genuen baina Etzegaraten eta Lizarrustin trumoia eta kazkabarra ari zuen.
Segurtasuna bermatzea da zuen helburu nagusia.
Dudarik gabe. Baina ez korrikalariena bakarrik; boluntarioena ere bai. Eta ikusleena ere bai; badakigu horrelako lasterketek zein jende multzo mugitzen duten eta bagenekien Aralarren ikusleak zeudela.
Korrikalariei nola komunikatu zenieten?
Larraitzera Andoni Zubeldia eta biok joan ginen, momentuz, larrialdiko egoera han genuelako. Baina aldi berean Hernioko eta Madarixako ekaitzen jarraipena egiten ari ginen. Artean parteak ez ziren txarrak eta horregatik erabaki genuen, printzipioz, Azpeitian EHM neutralizatzea. Baina Larraitzen geundela, G2Hko korrikalariak iritsi eta parte meteorologikoa entzun ondoren, erabaki zen proba bertan behera uztea. Korrikalari guztiak ados zeuden.
Etxekoek eskertu dizuete.
Bai, beraiek izan ziren lehenengoak lasaitasun aurpegia jarri zutenak. Baina momentu oso triste bat izan zen, urte guztian egindako lanaren ondorioaren saria jaso nahi duzuna.
Erabakia zuzena izan zen.
Ez daukat inolako zalantzarik. Erabakia hartu genuenean, oso lasai joan nintzen Larraitzera, banekielako zuzena egiten ari ginela. Korrikalarien aldetik jaso dugun babesa jaso eta gero, oraindik ere, berretsi egiten da erabakia, hori zela bide bakarra mundu guztiaren segurtasuna bermatzeko.
Segurtasun planak ondo funtzionatu zuen. Aurretik prestatua zegoen, zerbait inprobisatu behar izan zenuten…
Horrelako proiektu batean inprobisazioari dena ezin diozu utzi. Baina egia da, nahiz eta jakin gertatu daitekeela, pentsatzen duzula sekula ez dela horrelakorik gertatuko. Nahiz eta gehiengo batean antolatuta eduki, momentu jakin batean laguntza deialdia egitea, jendeak erantzun zuen bezala erantzutea… momentukoa izan zen. Gure buruetan beti dago eskenatoki okerrena, eta eskenatoki okerrena da pasa den ostiralean gertatu zena. Ikusi da erantzuteko gai izan ginela, aurretik oso lan garrantzitsu bat eginda dagoelako.
Boluntarioei, Gurutze Gorriari, Goierrialdea autobusei esker, egoera ondo bideratu zen.
Urtero bezala, boluntario guztiek erakutsi dute proiektu honen parte handi bat direla eta maite dutela proiektu hau. Bestela, Larraitzen ikusi ziren egoerak ez ziren ikusiko: bakoitza bere auto partikularra eskainiz lokaztuta zeuden korrikalariak jaisteko… Gurutze Gorriaren portaera azkar hori…, eta Goierrialdea autobusak; goizeko ordu horietan ohetik atera eta hiru autobus martxan jarri zituen. Denei eskerrak eman beharrean gaude.
Korrikalari guztiei finisher txamarra eman diezue.
Bai. Azken batean, lasterketa bukatzeko ilusioa guk «lapurtu» genien eta pentsatzen genuen egokiena zela gure protokoloarekin jarraitzea. Badakigu ez direla sailkapen errealak, baina momentu horretako sailkapena hori zen.
Finisher txamarra ere korrikalari guztiei eman zaie, eta uste dut horrek ere, antolakuntzaren alde zerbait esan nahi duela. Pasatutakoa pasatuta, denak gustura gelditu dira. Guzti honetatik ere zerbait ikasiko dugu, eta hurrengo urteetara begira oraindik ere prestatuago egongo gara. Egoera zailenetan eta lasterketa erabat okertzen denean, hor ere demostratu behar dela antolakuntza bat ondo saretuta dagoela, antolakuntza sendoa dagoela, oinarri sendo batekin. Nik uste dut lan oso on bat egin genuela, baina aurretik lan oso on bat eginda zegoelako.
Zurrumurruak ere izaten dira horrelakoetan. Datorren urterako dortsalak gorde egingo zaizkie korrikalariei?
Horretaz ez dago ezer ere ofizialik. Gainera guk, printzipioz gure politikarekin jarraituko dugu. Edizioa hemen bukatzen da eta hurrengo edizioa beste kontu bat izango da. Dena den, ez dakit hurrengo edizio bat egongo den. Hamabost egun barru hausnarketa egingo dugu eta balorazio orokorra eginda gero, aurrera egin nahi baldin bada, babesletza bilatu behar da. Egia da, ekonomikoki aurten asko sufritu behar dugula. Hori guztia kontuan hartuta, eta erabakitzen baldin bada hurrengo edizio bat egongo dela, orduan plazaratuko dira antolakuntzaren erabakiak, baina beti aurrera begira, ez atzera begira.