Goierrin hainbat lapurreta egin dituelakoan gaizkile talde bat atxilotu dute
Donostiako Udaltzaingoak ustezko gaizkile talde bat atxilotu du Gipuzkoako hiriburuan, hainbat lapurreta egitea leporatuta. Lapurreta hauetako asko, Goierrin egin dituztela azaldu dute udaltzaingotik. Besteak beste, musika ekipoak, bizikletak, arropa eta telebistak bilatu dituzte miaketa egin eta gero.
Udaltzainek jaso zuten abisu baten arabera, lagun talde bat hainbat objektu furgoneta batean sartzen ari ziren, eta susmagarria irudituta, bertara joatea erabaki zuten. Errumaniar jatorriko bost lagun atzeman zituzten eta furgonetan eta beste auto batean gordeta zuten materiala ikusita, lapurtua izan zitekeen susmoa hartu zuten. Besteak beste, poltsetatik atera gabeko informatika eta musika ekipoak, telebistak eta kalitate handiko bizikletak aurkitu zituzten objektuen artean, baita hainbat bitxi baliotsu ere.
Egindako ikerketaren ondoren, objektu hauek Gipuzkoan barrena egindako hainbat lapurretekin zerikusia zutela ohartu ziren. Tartean, Goierrin egindako hainbat lapurreta leporatzen dizkiete ustezko gaizkileei. Lapurreta hauetako bat, Ordizian egin zuten udaltzainen arabera. Denda batetik 37.000 euroko balioa duten objektuak eraman zituzten. Hauetako asko errekuperatu dituzte atxiloketa honi esker.
Lapurreta gehiago egunotan
Azken asteetan izan diren gertaerak direla eta, hainbat herritarrek “kezka eta haserrea” erakutsi dute egunotan; ostegun iluntzean manifestazio jendetsua egin zuten Beasainen, “Goierriko segurtasunaren alde” lemapean. Manifestazio hura egin eta ordu gutxira, Ordiziako denda batean lapurtu zuten. Ezezagun batzuk Ordiziako kale nagusiko jostundegi batean sartu eta kaxako dirua eta hainbat arropa eraman zituzten. Gau berean, goizeko ordubiak aldera, Ataungo optikan ere lapurtu zuten. Ezezagun batzuk, alarma indargabetu, segurtasuneko kristalezko ateak hautsi eta ehun betaurreko inguru eraman zituzten. Ertzainak bertaratu zirenerako alde eginda zeuden lapurrak.
“Muki”, oraindik ere atxilotzeko agindupean
Osteguneko manifestazioa deitu zutenen arabera, Goierrin azken bi asteburuetan izan diren bahiketa banaren egilea da “Muki” ezizenez ezagutzen den gaztea. Egunotan atxilotu egin duten zurrumurrua zabaldu bada ere, Ertzaintzatik azaldu dutenez oraindik ez dute atzeman, eta bilatu eta atxilotzeko agindua dago bere kontra.