Idiazabalgo Gaztetxearen 10. urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte gazteek
Idiazabalgo Gaztetxeak hamar urte bete berri ditu eta urteurren hori ospatzeko helburuarekin, hainbat ekitaldi antolatu dituzte gazteek. 2000. urteko abenduaren 1ean ireki zuten Idiazabalgo Gaztetxea lehen kultur etxea eta orain udaletxea den eraikinean. Hamar urte hauetan gazte asko pasatu da bertatik eta antolatu dituzten ekimenak ere asko izan dira. Data borobil hori ospatzeko prestatu duten jaia «berezia» izatea nahi dute: ondo pasatzeaz gain, helburua urte guzti hauetan Gaztetxetik igaro den jendea biltzea da. Idiazabalgo gazteek joan den larunbateko agerraldian aipatu zutenez, «herrian Gaztetxea lortu izanak, herriko gazteontzako espazio baten beharra aldarrikatzea suposatu zuen orain 10 urte». Egun normaltasunez ikusten dute herrian gazteei begirako ekitaldiak eta jarduerak antolatzea «baina beti ez da horrela izan. Ordura arte, apenas egiten zen kontzerturik, hitzaldirik edo gazteei zuzendutako bestelako ekintzarik». Beraien hitzetan «lorpen handia izan da herriko gazteentzat, eta bitarteko bikaina herria pizteko», azpimarratu zuten. Garbi dute ordea, Gaztetxea ez dela helburua, bitarteko bat baizik. «Gazteok elkartzeko gunea da. Hemen erabakiak geuk hartzen ditugu herriko gazte guztientzako irekiak diren asanbladen bidez» azaldu zuten. Urte hauetan belaunaldi desberdineko jendea pasatu da bertatik eta Gaztetxea bera ere aldatu dute lekuz. «Dena den, Gaztetxearen esentzia berbera da». Ildo horretatik abiatuta jarri diote izena ospakizuneko jaiari: “Belar gaiztoik, ez [...]
Idiazabalgo Gaztetxeak hamar urte bete berri ditu eta urteurren hori ospatzeko helburuarekin, hainbat ekitaldi antolatu dituzte gazteek.
2000. urteko abenduaren 1ean ireki zuten Idiazabalgo Gaztetxea lehen kultur etxea eta orain udaletxea den eraikinean. Hamar urte hauetan gazte asko pasatu da bertatik eta antolatu dituzten ekimenak ere asko izan dira. Data borobil hori ospatzeko prestatu duten jaia «berezia» izatea nahi dute: ondo pasatzeaz gain, helburua urte guzti hauetan Gaztetxetik igaro den jendea biltzea da.
Idiazabalgo gazteek joan den larunbateko agerraldian aipatu zutenez, «herrian Gaztetxea lortu izanak, herriko gazteontzako espazio baten beharra aldarrikatzea suposatu zuen orain 10 urte». Egun normaltasunez ikusten dute herrian gazteei begirako ekitaldiak eta jarduerak antolatzea «baina beti ez da horrela izan. Ordura arte, apenas egiten zen kontzerturik, hitzaldirik edo gazteei zuzendutako bestelako ekintzarik». Beraien hitzetan «lorpen handia izan da herriko gazteentzat, eta bitarteko bikaina herria pizteko», azpimarratu zuten. Garbi dute ordea, Gaztetxea ez dela helburua, bitarteko bat baizik. «Gazteok elkartzeko gunea da. Hemen erabakiak geuk hartzen ditugu herriko gazte guztientzako irekiak diren asanbladen bidez» azaldu zuten.
Urte hauetan belaunaldi desberdineko jendea pasatu da bertatik eta Gaztetxea bera ere aldatu dute lekuz. «Dena den, Gaztetxearen esentzia berbera da». Ildo horretatik abiatuta jarri diote izena ospakizuneko jaiari: “Belar gaiztoik, ez da galtzen!”.
Bi eguneko egitaraua
Ostiralerako eta larunbaterako prestatu dute hamargarren urteurrena ospatzeko egitaraua. Horrela bihar 21:15ean emango diote hasiera festari, Gaztetxean, ‘Belar gaiztoik ez da galtzen!’ izena jarri dioten ekitaldiarekin. Ondoren kalejira koloretsu bat egingo dute herrian zehar eta 21:30ean Guraso Elkarteko lokalean elkartuko dira guztiak, afaltzeko helburuarekin. Afal ondorenean, The Pardels herriko taldeak kontzertua emango du Gaztetxean.
Larunbatean, triki poteoa egingo dute 18:00etan eta gauean berriz,21:00en, Bokatada. Gaueko 23:00etan, Egurra ta kitto! eta Ze esatek! taldeen kontzertua izango da pilotalekuan.
Bestalde, asteburuan zehar, argazki eta kartel erakusketa ere egingo dute.
Ion Telleriari elkartasuna
Idiazabalgo Gazte Asanbladako kideek, urteurreneko ekitaldien aurkezpenean gogoan izan zuten Ion Telleria gazte idiazabaldarra. Telleria Segi auziarekin lotuta atxilotu zuten udan eta Madrilgo Soto del Realgo espetxean dago.
Gazte Asanbladako kideek azaldu zutenez, Telleria Gaztetxeko kide izan da bere sorreratik eta «gazteriaren eta herri honen defentsan berak egindako lana eta Ionek duen konpromisoa guztiontzako ezagunak dira. Urteurren honetan, beraz, inolaz ere ezin dugu ahaztu». Beraien artean nahi dutela aldarrikatu zuten eta arrazoi politikoengatik atxilotu izana salatu zuten Gazte Asanbladako kideek. Aldi berean berari eta bere familiari elkartasun eta babes osoa adierazi zioten.