‘Muki’ ezizenez ezagutzen den ustezko gaizkilea atxilotu dute, auto bat lapurtzen ari zela
‘Muki’ ezizenez ezagutzen den ustezko gaizkilea atxilotu egin dute. Hasera batean Muskizen atzeman dutela zabaldu bada ere, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailetik adierazi dutenez, Ertzaintzak atzo arratsaldean atxilotu zuen Ortuellan (Bizkaia), auto bat lapurtzeko ahaleginetan ari zela. Iturri hauen arabera, “lau lagun auto bat lapurtzen saiatu ziren, eta Ertzaintza bertaratu zenean, ihes egiten saiatu ziren”. Lau hauetako “batzuk” ordea, atxilotu egin zituzten, tartean ‘Muki’ ezizena duen 19 urteko gaztea.
Ertzaintzak 50 aldiz atxilotu du dagoeneko ‘Muki’, eta 30 atxilotze agindu egin dituzte epaitegiek bere kontra, hauetako batzuk, artean adin txikikoa zela. Ordizian eta Beasainen izandako bahiketa eta lapurreta kasu batzuetan ere parte zuen, hainbat lekukok salatu izan dutenez. Orain, Tolosako epaitegiaren esku gelditu da, “hainbat auzitan” epaitua izateko zain.
Pasa den astean, bere “kide” bat atxilotu zuen Ertzaintzak Zegaman; honi ere, beste hainbat lapurretetan parte hartu izana leporatzen diote.