San Nikolas erronda eta gazteentzako ekintzak gabon garaiari begira
Legazpi• Lehen elurteekin gabon garaiak gertuago somatzen diren honetan, txikienei zuzendutako hainbat ekintza antolatu dituzte datozen asteetarako Legazpin. Batetik, Gazte Txokoak antolatu ohi duen gabonetako programa dago eta bestetik, Arkatza elkarteak eta udalak sustatzen duten gabon irudien lehiaketa.
Gazte Txokoak prestaturiko egitaraua abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra bitartean luzatuko da. Egun hauetan, Txuri urdin izotz jauregira irteera, kinect jolas, ping-pong txapelketa, VII. urteurren festa eta zinemara irteera egingo dituzte. Izotz jauregirako irteera hilaren 26an egingo dute. Bazkideek 11 euro ordaindu beharko dituzte eta bazkide ez direnek aldiz, 16. 35 pertsonentzako lekua dago eta gurasoen baimena beharrezkoa izango da. Abenduaren 14an itxiko da izena emateko epea.
Kinect kontsolarekin abenduaren 29an ariko dira jolasean. 16:30ean Gazte Txokoan jarri dute hitzordua eta hemen ez da aurrez izenik eman beharko. Ping-pong txapelketan aldiz, hilaren 23an itxiko da izena emateko aukera. 30ean ospatuko da txapelketa, 17:00etan Gazte Txokoan.
Urtarrilean azkenik, urteurren festa eta zinemara irteera egingo dituzte. VII. Urteurren jaia 2an egingo dute eta egun honen baitan Wii bideojokoen txapelketa, afaria, karaokea eta disko festa egingo dituzte. Bazkideek 3 euro ordaindu beharko dituzte eta ez direnek 5. Afarian 50 gaztek eman ahalko dute izena gehienez eta horretarako epea ere 23an amaituko da. Wii txapelketa 17:00etatik 19:00etara ospatuko dute, afaria 19:30etik 20:30era eta disko festa azkenik ordu horretatik 23:00ak arte luzatuko da. Txapelketan afarian izen eman duten gazteek soilik hartu ahalko dute parte, baina disko festa gazte legazpiar guztiei irekita egongo da. Zinemara irteera berriz, 4an egingo dute. Hemen 7 edo 10 euro ordaindu beharko dira bazkidetzaren arabera. 25 gazterentzako lekua dago eta beharrezkoa izango da gurasoen baimena aukeztea. Hemen ere abenduaren 23an itxiko da izena emateko epea.
Gabon irudien lehiaketa
Gabon irudien lehaiketan bestetik, Lehen Hezkuntzako ikasleek hartu ahalko dute parte. Adinaren arabera hiru sailetan banatuko dituzte lehiakideak eta maila bakoitzeko bi sari emango dituzte. Gaia gabonak izango da eta teknikari dagokionez, marrazkia edo margolana izan beharko da. DinA4 formatuan aurkeztu beharko dira lanak eta egile bakoitzak gehienez ere bi aurkeztu ahal izango ditu. Lana kultur etxean aurkeztu beharko dira, abenduaren 10eko 19:00ak baino lehen. Gabon irudiarekin batera, egilearen datuak aurkeztu beharko dira, gutunazal itxi batean sartuta.
Epaimahaia Arkatza elkarteko kideek osatuko dute eta beren erabakia aldaezina izango da. Saritutako lanak berriz, kultur etxean erakusgai jarriko dituzte abenduaren 17tik urtarrilaren 5era. Sari banketa erakusketa irekiko den egun berean egingo dute, 19:00etan.
San Nikolas erronda
Bihar arratsaldean bestalde, San Nikolas erronda egingo dute eskola-umeek eta irakasleek. 17:30ean Laubidetik hasi behar zuten bidea, baina eguraldi aurreikuspenak direla-eta, ordu horretan Azokan elkartuko dira zuzenean. Han, egoera aztertu eta zer egin erabakiko dute. Aurten Olazabal institutoko ikasle batek irudikatuko du santua. Berez, San Nikolas abenduaren 6an da eta Legazpin erronda bezperan egiteko ohitura zegoen. datorren aste hasierako zubia ikusirik ordea, jai batzordetik erronda aurreratzea erabaki dute.