Eskualdeko gehiengo sindikalak greba deitu du 27rako
Euskal Herriko gehiengo sindikalak -ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU- greba orokorra deitu du datorren urtarrilaren 27rako. Espainiar estatuak proposatutako pentsioen erreformari ezetz esan nahi zaio protestaren bitartez. Donostian izango da manifestazio nagusia, baina eskualdeka ere antolatuko dituzte mobilizazioak, hauen berri zehatzak aurrerago emango badituzte ere.
Ez pentsio erreformari
Greba deialdiaren nondik norakoak azaltzeko prentsaurrekoa eman dute gaur goizean Goierri Garaiko ELA eta LAB sindikatuek. Esan dutenez, krisiaren aitzakiaz ”estatuak lan eskubideak kendu, soldatak murriztu, lan merkatua erreformatu eta gastu publiko eta soziala mugatu dute”. Egun errealitatea diren datuek erakusten dute, ELAko Ekaitz Oiangurenen hitzetan, Estatuak aplikatutako erreformak ez direla bideragarriak, ”langabezia tasak gora egin baitu etengabe eta sortu diren lanpostu gutxiak, guztiz prekarioak dira”. INEM-ek emandako datuen arabera gainera, ”langabeziak %100 egin du gora Goierri Garaian azken bi urteetan”.
Pentsio sistema publikoaren erreforma dator orain. ELAk eta LABek diotenez, langileak pentsio sistema pribatuetara bultzatu eta ”betikoak aberasteko balio duen erreforma da orain planteatzen dena”. Erreforma onartuko balitz:
- Erretiro adina 67 urtera atzeratuko litzateke.
- Pentsioa izateko beharrezkoak diren kotizazio urteak handituko dituzte. ”Lan merkatu prekario honetan ezinezkoa izango da kotizatzeko eskatzen dituzten urte guztiak betetzea eta hortaz, gero eta jende gehiago pentsio eskubiderik gabe geratuko da”.
- Arautzeko oinarria kalkulatzeko urte gehiago hartuko dituzte kontuan. ”Orain 15 urte hartzen badira kontuan, baliteke 20 edo 25 urte hartzea erreformarekin. Honek, pentsioak %20 murriztea ekarriko luke”.
- Jasotzen den diru kopurua murriztuko da. ”%100era iristeko 38 edo 40 urte eduki beharko dira kotizatuta”. Gaur egun 35 urte behar dira.
Atxikimenduak
Oraindik datu zehatzak baieztatzeke dauden arren, eskualde mailako zenbait enpresa handik eman diote bere atxikimendua greba deialdiari. Hala, gehiengo sindikalak proposatutakoarekin bat egin dute Plasnor-ek, CIEk, GKNek, Giober-ek, TTT Ejes eta TTT Goikok, Bellotak, Fundicion en Cascara eta Zumarragako, Urretxuko eta Legazpiko udalek besteak beste. Datorren astetik aurrera daude batzarrak planteatuta enpresetan. Hala, emaitza zehatzekin eta urtarrilaren 27rako eskualde nahiz nazio mailan izango diren mobilizazioen berri emateko, urtarrilaren 25ean beste prentsaurreko bat izango da.