Hizkuntz Eskolak bihar irekiko du matrikulazio librea egiteko epea
Ordiziako Barrena parkean dagoen Hizkuntz Eskola Ofizialak bihar zabalduko du 2010-2011 ikasturterako matrikulazio librea egiteko epea. Matrikulazio hori ez da ikasturte osoko kurtso batean parte hartzeko, baizik eta eskoletara joan gabe titulua lortu ...
Ordiziako Barrena parkean dagoen Hizkuntz Eskola Ofizialak bihar zabalduko du 2010-2011 ikasturterako matrikulazio librea egiteko epea. Matrikulazio hori ez da ikasturte osoko kurtso batean parte hartzeko, baizik eta eskoletara joan gabe titulua lortu nahi dutenentzat. Martxoaren 4an bukatuko da matrikulazio librea egiteko aukera.
Frantsesezko eta ingelesezko oinarrizko A2 mailaren, tarteko B1 eta B2 mailen eta goi mailako C1 mailaren titulua eskura dezakete matrikulatzen direnek, beti ere ekainean izango den azterketa bakarra gainditzen badute. “Titulua lortu nahi dutenentzat da deialdia. Eskoletara ez dute etorri beharrik, eta zuzenean azterketara joango dira”, zehaztu du Hizkuntz Eskolako Nora Alejosek.
Eskakizunak eta informazioa
Matrikula egin ahal izateko ezinbestekoa da 16 urte beteta izatea, eta ikasle bakoitza eskola eta maila bakarrean matrikulatu ahal izango da soilik. Norbaitek bi hizkuntzatan edo gehiagotan matrikulatu nahi badu, eskabide bana egin beharko du. Informazioa gehiagorako 943 88 86 75 zenbakira dei dezake, edo webgunea kontsultatu: www.eoi-ordizia-heo.net.